Egindako lanari, merezitako aitortza

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 20:20

Lasarte-Oriako Udalak omenaldi beroa egin dio Nahia Zudaire Borrezo igerilariari. Tokioko Paralinpiar Jokoetan lehiatu da eta bi diploma olinpiko poltsikoratu ditu.  Egindako lan horren aitortza jaso du Buruntzaldea IKT klubeko kideak, ostiral arratsaldean. 

Erketz dantza taldeko dantzarien agurrarekin hasi da ekitaldia, eta gero, pleno aretoan hartu dute; udal ordezkariak, senideak eta lagunak batu dira hitzordura.

Hitz batzuk zuzendu eta lore sorta eta zapia oparitu dizkio Agustin Valdivia alkateak . Zudairek hartu du hitza gero, eta eskerrak eman dizkie ondoan izan dituen senideei, entrenatzaileari eta lagunei.

Ekitaldia amaitu aurretik, udaletxeko balkoira irten da, Okendo plazan bildutakoei hitz egitera. Txalo zaparrada batekin agurtu dute igerilari gaztea.

Galeria honetan bildu ditugu omenaldiko irudiak.