Hitz-jokotik, liburura

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko mar. 19a, 08:00

El Sitio del Fin del Mundo izena du Pablo Barrio lasarteoriatarrak argitaratu duen azken lanak. Hitz-joko baten txinpartak sua piztu, eta emakume pirata baten istorioa kontatu du idazleak liburu horretan. Antonio Mercero aretoan aurkeztu ditu fabula literarioaren nondik norakoak, Intza Alkainen eta Tasio Arrizabalagaren laguntzarekin.

"Egile batzuek, idazten hasten direnerako, guzti-guztia buruan dute, eskema osoa; ni ez naiz horrelakoa, idazten hasi eta gero osatzen dut kontakizuna". Pablo Barrioren (Agurain, 1958) hitzak dira. Esaldi hori hobeto ulertzeko, honako adibide hau jarri du: "Zenbait pertsonak, bidaia bat egiterakoan, eta abenturan murgildu aurretik, erabakita dute den-dena: nora eta noiz joango diren, zer ordutan sartuko diren museora, turismo-gida guztiak irakurrita eramaten dituzte... Nik, aldiz, badakit etxetik atera eta norabait joan nahi dudala, baina abiatu aurretik ez dakit; bidea egin ahala deskubritzen dut". 

Barrioren azken bidaia literarioak zehazki nora eramaten gaituen jakiteko, Txertoa argitaletxearekin argitaratu duen El Sitio del Fin del Mundo liburua irakurri behar, baina, gutxienez, badakigu mundua amaitzen den tokia izango dela eszenatokietako bat –geroago esplikatuko dugu zergatik erabili dugun eszenatoki hitza–, eta bestea, Bizkaiko golko inguruan kokatzen den La Flamenka taberna. Protagonista nagusia ostatu horren jabea da, emakume adindu bat, baina pirata-izpiritua bizi-bizi duena. Ekaitz latz bat tarteko, gizon gazte bat bertara sartuko da, eta orduan egiaztatuko du hori hala dela, tabernaria pirata izan zela gazte garaietan, eta zahartzaroan ere hala izaten jarraitzen duela. 

Abiapuntua, hitz-joko bat

El Sitio del Fin del Mundo, Barrioren azken lanaren izenburua, "hitz-joko bat" dela azaldu du idazleak. Liburuaren aurkezpenean ez dute horren funtsa azaldu; hori zertan den jakin nahi duenak, poesia-egitura duen narrazio hori irakurri beharko du. Gizartean eta barku piratetan bezala, literaturan ere kode batzuk daude: horien artean, hitzen jolas horren esanahi zehatza norberak deskubritzearen abentura ez zapuztea. Idazleak berak ez badu egin, kronika hau idazten ari den kazetaria ez da horren aurka matxinatuko. 

Hitz-joko horrek piztu zuen kontakizunaren txinparta, Barrio politikagintzan murgildu aurretik –2011-2015 legealdian herriko alkatea izan zen, eta hurrengoan, hautagai–. "Zortzi urte horietan ez nuen ezer idatzi; politika uztean berrekin nion istorioari", azaldu du Barriok. Idazki ugari zituen idatzita lehendik, eta 2019an piratei buruzko istorioa berrartu zuen, eta zenbait moldaketa egin: tartean, protagonista emakumea izatea, eta ez gizona. "Gaur aurkezten dudan liburua idazten hasi nintzenean, mugimendu feministak ez zeukan gaur egun duen indarra, eta ez zitzaidan burutik pasa ere egin protagonista emakume pirata bat izatearena".

Liburuaren aurkezpenean, protagonistaren izaeraren zertzelada batzuk eman ditu Intza Alkain aktore lasarteoriatarrak: El Sitio del Fin del Mundo-ren pasarte batzuk irakurri ditu. Horri esker jakin dute ikus-entzuleek nolakoa den tabernari bihurtu zen pirata horren bizitza-filosofia: "Pirata batek, are gehiago emakumezko batek, ez du sekula itxaroten, abenturak bizitzeari ekiten dio, abenturak bizitzen ditu. Itxaropena esklabuen sentimendu bat da". Alkain ez ezik, Tasio Arrizabalaga ere lagun izan du Barriok aurkezpenean; hark gidatu du ekitaldia, eta idatzi duen fabula literarioari buruzko galderak egin dizkio. Mercero aretora gerturatu diren zenbait herritar ere animatu dira liburuaren gaineko gogoetak egin eta partekatzera.

 

Narrazioa, antzerkia, poesia...

Idazleak esplikatu duenez, El Sitio del Fin del Mundo fabula literario bat da, narrazio bat, baina baita bakarrizketa teatral bat ere. Liburua hartu eta irakurtzen hastean, poesiarekin ere identifika daiteke, orrien egitura genero horretan erabiltzen denaren oso antzekoa baita. 

Literatura-ibilbide oparoa egin du Barriok, eta, aurkeztu duen lana osatu aurretik, beste hainbat argitaratu ditu, antzerkia batez ere –sariak ere jaso ditu–. El Sitio del Fin del Mundo ikusiko ote dugu inoiz, adibide bat jartzearren, Manuel Lekuona kultur etxeko oholtzan? Hori izan da Arrizabalagak idazleari egin dion galderetako bat. "Nork daki, ederra izango litzateke hori", esan du Barriok. Jarraian, Alkaini begiratu, eta, umorez, esan dio: "Protagonista adinekoa denez, aktoreek berez urte gehiago izan beharko lituzkete, baina ziur zuk ederki egingo zenukeela paper hori". 

Barriok ondutako istorioa noizbait antzeztua izango den ala ez ikusteke dago oraindik, baina, gertatzekotan, ikusteko moduko eszenatokia izango litzateke mundua amaitzen den tokiarena.  

Honaino El Sitio del Fin del Mundo-ren aurkezpen-ekitaldiaren kronika. Abentura literario horri buruz gehiago jakin nahi duenak, kontakizunaren protagonistaren filosofia jarrai dezake, eta, etxean itxaroten egon beharrean, abentura literario horretan murgildu, imajinazioa dantzan jarri. Liburua herriko zenbait dendatan eskura daiteke, eta Txertoa argitaletxearen bitartez ere bai.

 

Erlazionatuak