'NEURE KABUZ'

Amildegi digitala

Gorka Alvarez 2021ko urr. 1a, 08:09

Ez nator sarearen, pantailen, ikus-entzutekoen eta mundu digitala osatzen duten elementu guzti hauen inguruko aurkakotasuna adierazteko asmotan. Bereziki, ohiko erabiltzaile naizelako eta zalantzarik ez dudalako hauek gure bizitzetan izan duten eraginak onura asko ekarri dizkigula.

Banator ordea, gaur egungo testuinguruak bermaturik iritsi zaigun izurri berri baten inguruan idaztera. Amildegi digitala deituko diot. Amildegia, behin bertatik jausten zarenean ez baitago atzera pausorik. Erorketa motz edo luze baten amaieran atzera begirakoa egitea besterik ez da geratzen nahiz eta jakin errepaso antzua izango dela hau, tupust egingo baituzu ezinbestean lurrarekin.

Izaki digitalak omen gara gaur egun. Izaki diot askotan alde gizatiarrena alboratzeko ohiturak garatzen ditugulako.  Arrakala digitalaz asko aritzen gara eta honek sortzen dituen genero, ahalduntze,maila sozial eta beste hainbat alorretan dakartzan alde  eta desberdintasunez. Konsziente gara, baina oraindik ez gaude arazo honi aurre egiteko prestatuak eta nahia ere zenbaterainokoa ote den neurtu beharko genuke.

Arrakala horri estuki lotua ikusten dut amildegi digitala. Harremantzeko  gure ohiturei loturikoa. Amildegian erortzen ari garela oroitzen dugu, nola garai batean lagun batekin hartzen genuen kafetxoa tabernan egunkarietako berriak irakurriz. Nola erosten genituen herriko denda txikian arropa zintzilikatzeko behar genituen pintzak eta era berean nola elkartze ginen lagun edo familiartekoekin urtebetetzeak ospatzeko edo horrela ez zenean, telefono deiekin ordezkatutako momentu atseginak partekatzen genituen.

Egunkariak pantailaren bidez irakurtzen ditugu orain. Azkarragoa, erosoagoa eta merkeagoa denaren aitzakian lagunarekin kafea bigarren mailara bidaliaz. Herriko dendan izaten genuen elkarrizketa, alboratua uzten dugu interneteko erraldoi handietan pintzak eskatu eta egunean bertan etxeko atera ekartzen dizkigutelako eta lagunekin urtebetetzeak ospatzearenak ere indarra galdu du. Ez al da ba politagoa bideotxo bat edota hiru hitzeko zorion agur bat bidaltzea mezularitza aplikazio batetatik lagunekin elkartu eta tarte eder bat pasatzea baino? Telefonoz deitzea ere. Hori ere egiteko gai ez gara izaten sarritan.

Amildegian gaude, zuloak sakonera handia dauka. Digitalizaturik bizi gara eta aro digital honek onura asko ekarri dizkigun arren, pandemiarekin nahastutako testuinguru honetan, koktel ederra prestatu digute egunetik egunera indibidualizatuagoa bihurtzen ari garen gizarte honetan. 
Pertsonek pertsonekin bizi eta sentitzen dutela konturatzen ez bagara, pantailen, aplikazioen eta mundu digitalaren disdirak itxutzen jarraitzen  bagaitu, askotan  alboan, aurrrean, atzean eta inguruan ditugunen kaltetan eta azken batean norberaren aurkako ariketa antisozial batean jausiko gara behin eta berriro.