TXINTXARRI aldizkariaren 28 urteak ospatzeko, galdera lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 14:00

Data berezia da urriaren 1a TXINTXARRI aldizkariarentzat. 1993ko egun horretan kaleratu genuen aurreneko zenbakia, eta beste 1.558 etorri dira atzetik. Eta geratzen direnak! 28. urtemuga elkarrekin ospatze aldera, erronka batekin gatozkizu: agerkariari buruzko hamar galdera ezetz asmatu. Anima zaitez!

PARTE HAR EZAZU LEHIAKETAN!

Lerro hauek idatzi bitartean pistaren batek edo bestek ihes egingo digu. Beraz, adi irakurri: 1993ko urriaren 1ean argitaratu genuen TXINTXARRI aldizkariaren aurreneko zenbakia, eta 28 urte geroago, egun berean, 1558. agerkaria kaleratu dugu. 28 urte. 10.227 egun. 245.448 ordu. 14.717.280 minutu. Eta gure alboan egon diren eta jarraitzen duten langile, kolaboratzaile, erakunde eta, batez ere, irakurleei eskerrak emateko, are kopuru handiagoa beharko genuke, ez dakigu zenbat zifrakoa.

Biribilena ez izanda ere, uste dugu 28. urteurrena ospatzeko modukoa dela, eta zuekin batera egin nahi dugu, erronka baten bidez. Ohartuko zineten honezkero, baina galdera lehiaketak gustuko ditugu, aurten antolatuko dugun hirugarrena delako orain aurkeztuko dizueguna.

TXINTXARRI-ri buruzko hamar galdera –historikoak dira batzuk, eta gaur egungoak besteak– erantzun beharko dituzue zuzen, Avenida Tabernako bi menu goxo irabazi nahi badituzue. Den-denak asmatzen dituzuenon artean zozkatuko dugu sari nagusia. Otorduak ez bazaizkizu egokitzen, lasai, kontsolamendukoa   ere badugu eta: patata-tortilla bat, hori ere Avenidako lagunek prestatutakoa. Lehiaketa urriaren 1etik 3ra arte izango da.

Hurrengo lerroetan, historia apur bat (gogoratu adi irakurtzeaz!): Ttakun Kultur Elkartearen altzoan jaio zen txintxarri, eta, esan bezala, 1993ko urriaren 1ean hasi zen herriari buruz gertutasunez eta euskaraz informatzen. 28 urte geroago, astean behin argitaratzen dugu aldizkaria, ostiraletan, eta tirada 8.500 alekoa da.

Ttakuneko lehen zuzendari Sebastian Kerejetak esan ohi duenez, jakin-min handiko pertsona da txintxarria, gertakarien bila aritzen dena hara eta hona. Horregatik jarri zioten izen hori aldizkariari, eta  hala izaten jarraitzen du; ez du esentzia galdu, eta ez du galduko.

Erlazionatuak

25 urte euskara etxe guztietan sartzen

Txintxarri Aldizkaria 2018 ira 28 None