Intzako seniorrek ez diote aukerarik eman Behar Zanari: 22-1

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 29a, 13:42
Haritz Urkiak (pilota jotzen) tanto ugari egin zituen sakez Behar Zanaren aurka.

Intza KEko seniorrek, jubenilek eta kadeteek etxean jokatu dute bigarren jardunaldia, zaleen aurrean. Nagusienek soilik lortu dute garaipena, eta multzoko liderrak dira Eskuz Binakako 3. Mailan.

Intza Kirol Elkarteko pilotariek bi partida jokatu dituzte eskuz binakakoan, eta biak irabazi dituzte. Denboraldiaren hasiera ezin hobea izan da herritarrentzat.  Bigarren jardunaldia etxean jokatu zuten iraileko azken larunbatean, Villabonako Behar Zanakoen aurka, eta nagusi izan ziren, hasi eta buka: 22-1 irabazi zuen Haritz Urkiak eta Mikel Elolak osatutako bikote zailduak. Joxe Felix Solano prestatzaileak aldizkari honi kontatu dionez, Urkiak min izugarria egin zuen sakearekin, eta Elolak patxadaz jokatu zuen atzeko koadroetan, sufritu gabe. Neurketa oso txukuna jokatzeaz gain, frontoira joan ziren zaleen hatsa ere lagun izan zuten lasarteoriatarrek, aspaldiko partez. Bitik bi norgehiagoka eta multzoko lidertza poltsikoan, Intzako bikoteak Zumaiaren aurka jokatuko du hirugarren neurketa, Aitzuri pilotalekuan. Urriaren 2an neurtuko dituzte indarrak, larunbatez, 12:00etan hasita.

Seniorrak ez bezala, jubenilak esku hutsik geratu dira jardunaldi honetan. Michelinen aritu ziren Haritza Diaz de Guereñu eta Pedro Elosegui, Hernaniren aurka, eta gogotik saiatu arren, ezin izan zuten garaipena ospatu: 16-22 kanpokoen alde. "14. tantora arte oso parekatua izan zen partida, baina Hernaniko atzelaria nagusitu egin zen eta Intzakoek ezin izan zioten erantzun", zehaztu du Solanok. Diaz de Guereñu eta Eloseguiz gain, beste herritar batek ere jokatu zuen: Peru Urdanpilleta atzelariak. "Hernanin ari da jokatzen, Intzak utzita".

Jubenilak ere eskuz binaka ari dira, bigarren mailan. Maila ona erakusten ari diren arren, oraindik ez dute norgehiagokarik irabazi. Gogotik ari dira lanean arantzatxoa ateratzeko, eta Tolosan izango dute horretarako aukera, Beotibar pilotaleku ezagunean. Hitzordua urriaren 2an da, 10:00etan.

Kadeteek ere, galdu 

Beñat Olazabalek eta Julen Lizasok apenas izan zuten abagunerik Soraluzeko bikotearen aurka, eta 5-22 galdu zuten Michelinen. Haiek ere bitik bi neurketa galdu dituzte eskuz binakakoan. Hirugarren partida  Gaztelekuren aurka jokatuko dute, Andoaingo Arraten. Hitzordua: urriaren 1a, ostirala, 18:30ean.

Erlazionatuak