LOTME elkartea: "Herritik eta herriarentzat antolatzen dugu mendi festa"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 29a, 12:28

Samurra izaten ari da III. Mendi Festa antolatu izanaren ajea Lasarte-Oria Trail Mendi Elkartearentzat. Zuzendaritzako kide Javi Olazagoitiarekin hitz egin du TXINTXARRI-k, antolatzaileek zer balorazio egiten duten jakiteko asmoz.

Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) zuzendaritza "oso-oso pozik" dagoela adierazi du Javi Olazagoitiak, antolatzaile taldeko kideetako batek, III. Mendi Festa "arrakastatsua" izan delako. "Diru kontuak egiten ari gara orain, eta bukatzen dugunean agian gure irribarrea ez da horren zabala izango, baina partaideen iritzi onekin geratzen gara, eta ostalarien zorion mezuekin; herritik eta herriarentzat antolatutako kirol proba da". 

Hirugarren urtez antolatu du LOTMEk mendi festa. Gero eta eskarmentu gehiago dute elkarteko kideek, nahiz eta Olazagoitiak onartu duen "zenbait akats txiki" egin dituztela. Edonola ere, nota ona jarri die antolatzaileen eta boluntarioen lanari, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula ia 500 partaideko kirol ekitaldi bat antolatzea. "Ez nuen espero dortsal ia guztiak banatzea, baina probaren aurreko egunetan jende asko inskribatu zen; askok itxaroten dute eguraldia nolakoa izango den ikustera, eta, egia esan, alor horretan zorte izugarria izan dugu aurten ere". 

Hausnartzeko garaia

"Mendi festa egiten hasi ginen, esperientzia irabazi eta lasterketak nola antolatu ikasteko", gogorarazi du Olazagoitiak. LOTMEkoek ez dute ahaztu hori, baina ikusi dute kirol proba horren formatua oso gustuko duela jendeak; batek baino gehiagok eskatu die datorren urtean ere egiteko. "Zuzendaritzako kide bakoitzak bere iritzia du, baina hurrengo urtean lasterketa antolatzea erabakita ere, gaur egungo festaren formatua mantentzearen alde nago, garbi dagoelako funtzionatzen duela". Dena den, logistika aldetik, onartu du ez dela gauza bera mendi martxa edo lasterketa antolatzea. "Gaur egun, 50 bat boluntario aritzen dira gurekin lanean, eta bikoitzak beharko genituzke gutxienez, hori arazo izan daiteke".

Elkarteak hiru urte daramatza mendira joateko ohitura sustatzen herrian, eta denbora horretan "ikaragarri" hazi dela jakinarazi du Olazagoitiak. "150 bazkide gara, eta pertsona ugari daude itxaron-zerrendan kanpaina berria hasten denerako. Horrez gain, 70 mendi lizentzia ditugu". Zaharragoak diren klubengandik ikasitakoa ahaztu gabe, "garai berrietara egokitzen" ari da LOTME, sare sozialak gero eta gehiago lantzen, eta belaunaldi gazteak erakarri nahian. "Jendearengana iristeko moduak lantzen ari gara, inoiz baino aktiboagoak gara sarean... Ahalegin izugarria egiten ari gara". 

Orhi mendira urriaren 10ean

Olazagoitiaren hitzetan, mendizaleak LOTMEra erakartzeko beste modu bat da irteerak antolatzea. Urriaren 10ean, igandez, Orhi mendira joango dira. Zaraitzuko haranean dago, Nafarroako ipar-mendebaldean eta 2.000 metro pasatxo igo behar dira tontorrera heltzeko. Iratiko harana edota Hiru Erregeen Mahaia mendia ikus daitezke handik. Antolatzaileek zehaztu dute ibilbidea hamalau kilometrokoa izango dela, eta mila metroko desnibel positibo metatua izango duela.

Parte hartu nahi dutenek WhatsApp bidez jarri behar dute harremanetan LOTMErekin, 623 03 03 73 zenbakira mezua bidalita. Bestela, direccion@lasarteoriatrail.com helbide elektronikora idatz dezakete. Elkarteko bazkide direnek hogei euro ordaindu behar dituzte, eta ez direnek, aldiz, 35. Autobus zerbitzua, bazkaria eta egun osoko asegurua jasoko dituzte trukean.

Erlazionatuak

Ia 500 partaide izan ditu III. Mendi Festak

Txintxarri Aldizkaria 2021 ira 26 Kirola