Okendo plazan 9:00etan egon behar zuten martxa motzean izena eman zuen lehen taldeak. Iazko pilaketa txikiak saihesteko, irteera mailakatua egin dute. Ordu bakoitzerako prestatutako zerrendan nork bere burua topatu, eta zegokion mahaian jaso du bere fitxa. Handik irteerako arkura bidean tenperatura hartu diete banan-banan, apenas ilararik osatu gabe. Gutxika, abiapuntua zehazten zuen hori zeharkatu, eta Buruntza bidean jarri dira.
Martxa motzekoak abiatzerako, martxa luzea egitera ausartu direnek –30 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positibo metatua– pare bat ordu zeramatzaten mendian. Ttipi-ttapako 8 kilometroak egitea aukeratu dutenak, berriz, 9:30ean eta 9:45ean irten dira.
500 partaideko muga ezarri zuten antolatzaileek, eta handik gertu ibili dira: 180 batek martxa luzean izena eman du, 220k, motzean, eta gainerako 80ek Ttipi-Ttapan. Guztira, 480. Horiek dira gaur goizean mendira igotzeko asmoa adierazi dutenak, denek ez baitute aurrera eraman, eta mahai gainetan zenbait fitxa gelditu dira, jaso gabe. Bitxikeria gisa horietako batzuk iazko ibilbidea buruan, kontrako norabidean irten diren partaideenak ziren. Okendora joan beharrean, Hipodromotik egin dute bidea.
Eguraldia lagun izan dute mendizaleek, akaso, bero gehiegi; mendiko aldapetan gora normalean hotzik izaten ez dela kontuan hartuta. Azkorteko baselizara heldu direnean, musukoa janzteko aholkatu, eta gel hidroalkoholikoa eman die antolakuntzako kide batek. Bertan, freskatzeko edaria eta indarberritzeko zer jan izan dute. Askok hartu dute bide hori, beste batzuek, aldiz, lehenik tontorrera igo nahi izan dute. Gurutzerantz zihoazela behera zetozen jada lehen partaideak. Izan ere, bidea egiteko modua eta abiada norberak erabaki du: lasterkan igotzea nahiago izan duenik bazen, baita solasean eta patxadaz osatzea nahiago izan duenik ere.
Familiei begirako 8 kilometroak egin dituztenentzat ermita zen jaisten hasteko lekua. Amaiera, berriz, denentzat bera izan da: Okendo plaza. Musikak lagunduta iristen joan dira eta ahaleginaren saria jaso dute bertan.