'Historias de cine' erakusketa osatu du Miguel Angel Oribe eskultore lasarteoriatarrak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 22a, 16:00
Zinema, Zinemaldia eta artea uztartu ditu artista lasarteoriatarrak; 22 collage ondu ditu. Argazkia: Isaac Farre.

Iazko udaberriko konfinamendua artelan berriak sortzeko baliatu zuen Miguel Angel Oribe eskultoreak. Horietako batean zinema, Donostiako Zinemaldia eta artea uztartu ditu, eta 26 collage egin ditu: arte diziplina horretan maisulantzat hartzen diren pelikula klasiko ugari eta haiei buruz hitz egin duten egunkari birziklatuak uztartu ditu. 'Historias de cine' izena jarri dio. Keler espazioan ari da horiek erakusten, Donostian.

Collageak egiteko irudiak egunkari, aldizkari eta bestelako argitalpenetatik hartu ditu Oribek; moztu eta itsatsi egin ditu. Arkatzak, errotulagailuak eta akuarelak erabili ditu txoriak, mendiak, hodeiak, bideak eta beste elementu batzuk margotzeko. Zinemaren munduan klasikotzat hartzen diren zenbat pelikula eta eskultoreak berak gustuko dituen batzuekin osatu ditu artelanak. Guztira, 26.

"Dibertitzeko modua, jolasa"

2020ko martxoan, COVID-19aren pandemia lehertu zenean, gure etxeetan konfinatuta egotera behartu gintuzten agintariek. Oribek tailerrera joan ezin zuenez obrak egitera, honakoa bururatu zitzaion: luzemetraietako irudiak moztea eta itsastea, eta haiekin collageak egitea. "Dibertitzeko modua izan da niretzat lan horiek egitea, jolasa; asko gozatu dut", nabarmendu du artista lasarteoriatarrak. "Entretenitzeko egin nuen hori erakusketa bihurtu da, eta Donostiako 69. Zinemaldiak egitarauaren barruan sartu du; espero dut ikusleak ni bezainbeste dibertituko direla obrak ikusten dituztenean". 

Oribek, normalean, eskultura minimalistak egiten ditu, ez Donostiako Keler espazioan erakusten ari den collageen antzekoak. Azaldu duenez, "paisaia surrealistak" sortu ditu; aurrez aipatutakoei euskal kulturako ezaugarriak gehitu dizkie, komikien estetika erabili du eta pertsonaiak "egoera oso barregarrietan" azaltzen dira. 

Cinema Paradiso, Star Wars, The Godfather, The Big Lebowski, Blade Runner, Mujeres al borde de un ataque de nervios eta beste zenbait film erabili ditu Oribek. 

Historias de cine erakusketa irailaren 30era arte egongo da zabalik, ostegunez.