Miguel Angel Oribe: "Nire lanak arkitekturaren antzekoak dira, baina eskala txikiago batean"

Nerea Eizagirre 2020ko api. 4a, 09:30
Miguel Angel Oribe Superkopako garaikurraren aurkezpenean. Arg.: Miguel Angel Oribe

Otsailean, Superkopako garaikurra eraman zuen Bartzelonak etxera, Realaren zaleen eta bere egilearen atsekaberako. Realzalea eta herritarra baita egilea, Miguel Angel Oribe eskultorea. Ibilbide luzea du eskultore bezala. Kirol garaikurrak egitea bere lanaren alde bat besterik ez da, Oribek egindako erakusketak eta hiri-eskulturak ugariak dira. Eskultorearekin izan gara, bere lanez eta lan prozesuaz hitz egiteko.

Eskultore bezala ibilbide luzea duzu. Erakusketak eta hiri-eskultura lanak egin dituzu. Zer nahiago duzu? Zein eremutan zara askeagoa?

Askotan gai desberdinak izaten dira. Nire erakusketetan nire lana aurkesten dut. Eskultura horiek nire ikerketa espazialen eta kontzeptualen ondorio dira. Hiri-eskultura, berriz, eskatutako lana da eta normalean gai konkretu bat du, beraz, dena lotuagoa da eta baldintza batzuek mugatzen zaituztete. Erakusketako nire lanak askeagoak dira eta eskulturan jorratzen ditudan bideak erakusten ditut.

Eskulturan pentsatzen dugunean irudi klasikoak datorzkigu burura, baina eskulturaren garapena handia izan da. Zein estilo edo egilek du eragin zure lanetan?

Txikitatik gustuko izan ditut Henry Moore, Henry Moore, Jean Arp, Pablo Palazuelo eta noski euskal eskola, Mendiburu, Txillida eta Oteiza. Azken horietatik asko ikasi dut. Aurrerago 60 eta 70. hamarkadetako minimalismoak interes handia sortu zidan, Donald Juddek batez ere eta berriki Loise Bourgeois eskultore, Rosa Brun madrildar margolaria eta Richar Serra eskultorea. Eta batera edo bestera beti presente dut arkitektura. Gero eta eragin handia du nire lanean, izan ere, niretzat ideien iturburu amaiezina baita.

Eskultura eta arkitektura, zertan dute antza?

Nire kasuan, materian hutsak sortzen ditut eskulturak egiteko, huts horiei nik 'gune bizigarriak' izena jarri diet. Horrek arkitekturarekin zerikusi handia du, bere helburua bizitzeko guneak sortzea baita. Nire kasuan, sartu ahal zaren guneak dira, kanpoko mundutik babestuta sentitu ahal zaren lekuak dira, paretak dituzten eremuak eta hutsetatik argia sartzen da. Arkitekturaren antzekoa da, baina eskala txikiago batean.

Zer da eskulturen sorrera prozesuan lan gehien ematen dizuna?

Niri lan gehiena ematen didana azken eskulturara iristea da. Hauda, ideia asko izaten ditu, baina enbora behar dut azkena, gustuko dudana eta bilatzen ari nintzena aurkitzea. Bere prozesua du, marrazki asko eta proba asko dira. Materialekin ez dut arazorik, normalean marrazten dudanean badakit burdina edo egurra erabiliko dudan egiteko.

Ideia bat duzunean, zein da prozesua?

Marrazkiak egiten hasten naiz, ugariak izaten dira. Marrazki bereko aldaerak egiten ditut hasierako ideiren antza duena aurkitu arte. Gero maketak egiten ditut eta horretan ere, gauzak moldatzen ditut marrazkietan aztertu ezin izan ditudan aukerak ikusteko. Oso argi dudanean, orduan, azken materialarekin hasten naiz lanean. Hau da, lana amaittzeko pausoak ematen ditut. Normalean burdina aukeratzen dut lan egiteko, baina egurra eta collageak egiteko artisau-papera ere erabiltzen dut sarritan.

Miguel Angel Oribe BRUNET lanaren inaugurazio egunean.

Hiri-eskultura denean, kokalekua ere kontuan izan behar da, ezta?

Beti izan behar da kontuan, baita beste kontzeptu batzuk ere. Esate baterako, nik hiri-lanek oinazpikorik ez izatea gustuko dut, lurretik haztea eta jendea, haurrak bertan sartu, jolastu ahal izatea. Hau da, hiri-altzarien artean beste elementu bat izatea da ideia.

Lasarte-Orian zure lan ugari daude. Azkena BRUNET izan zen Brunet-enea parkean jarri zen. Udalak Brunet fabrikari omenaldia egitea eskatu zizun. Zein irizpide jarraitu behar zenituen?

Bruneten lan egin zuten emakume eta gizonen ohorez eskultura bat egitea eskatu zidatenean niretzat ohorea izan zen.

Bi baldintza nituen egiteko: zerbait xumea izan behar zuen eta Bruneteko ikurra, antilopeak, egon behar zuen.

Lantegiak garrantzia handia izan zuen Oria auzoan eta urte hauetan guztietan istorio eta bitxikeri ugari kontatu dizkidate adineko auzotarrek.

Eta niretzat harro egoteko eskaera izan zen, Sasoeta auzokoa naizen arren, urte asko da Orian bizitze naizela. Auzoko beste bat naiz edo hala sentitzen dut. Gainera, eskulture gutxik dute bere lanen bat bizi diren auzoan.

Otsailean albiste izan zinen futboleko Superkopako garaikurra diseinatu eta egin duzulako. Nola izan da posible?

Futbol federazioko norbaitek nire lana ezagutzen zuen, hau da, arraun Ligetarako egindako garaikurrak eta Superkopakoa egiteko proposatu zidan.

Ez nuen inoiz kopa formadun bat egin eta animatu nintzen. Nire ideia gustatu zitzaien.

Nire eskulturetan oinarrituta dago, babeslekuak deitzen diedanetan, batez ere. Biribila du oinarri eta irekigune bat du, nik 'gune bizigarri' deitzen diodan eremura sartu ahal izateko. Bertan babestua zaude eta mundua irekigune horretatik ikusten duzu. Goikaldean ereinotz-koroa gehitu nion, Grezia, Erroma eta mundu klasikoko garaileak gogoratuz.

Bizkor lan egin behar izan dugu, denbora laburrean egin behar izan da, bi hilabeteko baino gutxiago zeuden egiteko esan zidatenean.

Aipatu duzuen bezala ez da kiroletako egin duzun garaikur bakarra izan…

ACT Ligako bi garaikurrak, Eusko Label eta Euskotren Ligakoak, nik eginak dira. Eusko Label ligakoa pisutsuagoa da eta koro forma du. Euskotren Ligakoan zerbait ezberdina nahi zuten, berotasuna igortzen zuen zerbait.

Horietaz gain, txirrindularitza munduari eskainitako hiri-eskultura egin nuen. Itziarreko GURPIL enpresaren lorategian dago, enpresak txirringak ekoizten baititu. Edo Ondarretako Teniseko harreran dagoen eskultura ere egin nuen. Superkopako eskulturari esker, hainbat dira jorratu ditudan kirolak.

Kirol arloan egindako lanak

Superkopako garaikurra - 2020 Euskotren Ligako garaikurra - 2008 Donostiako Tenis elkarte erreala - 2006 Eusko Label Ligako garaikurra - 2005 Gurpil - 2004

Irudiak: Miguel Angel Oriberen webgunea eta Miguel Angel Oribe.