Udalak 60.000 euro bideratuko ditu etxebizitzetako eraginkortasun energetikoa hobetzera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 22a, 10:26

Eraikinetako berotze sistemak hobetzeko eta etxebizitzetan galdarak edota leihoak ordezkatzeko obrak laguntzeko asmoa du Lasarte-Oriako Udalak, horrek etxebizitzen birgaitze energetikoa sustatuko duelakoan. 

Lasarte-Oriako Udalak diruz lagunduko ditu herriko etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko egiten diren lanak; 60.000 euro bideratuko ditu zeregin horretara. Ekarpen ekonomiko horien onuradunak izango dira jabeen komunitateetako berotze sistemak hobetzen dituztenak  eta etxebizitza partikularretako galdarak edo leihoak ordezkatzen dituztenak. Lehen kasuan, 6.000 euro jasoko dituzte asko jota; bigarren eta hirugarren kasuetan, aldiz, 400 edo 1.200 euro. 

Epeei dagokienez, honako hau zehaztu du udalak: 2020ko ekitaldian amaitu badituzte obrak, eskatzaileek hilabete izango dute, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Moldaketak aurten egin badira, bi aukera: 2021eko urriaren 31 baino lehen amaitu badira, oinarriak argitaratu eta hilabetera eskatu ahalko dute dirulaguntza; deialdia publikatutakoan oraindik ez badaude gauzatuta, berriz, 2020ko azaroaren 20a (larunbata) baino lehen.

Udalak zehaztu du laguntza eska dezaketela 2000. urteko urtarrilaren 1a baino lehen eraikiak izan ziren etxebizitzetako obrak egin dituztenek, salbu eta familia bakarrekoak edo bikoak badira, isolatuta edo atxikita. Ekarpen ekonomikoen oinarriak betetzen dituzten lanak laguntzeko, baldin eta 2021eko urriaren 31 baino lehen amaitzen bada haien egokitzapena, 40.000 euro bideratuko ditu udalak. 2020an eginak izan direnentzat prestatutako poltsa txikiagoa da, 20.000 eurokoa.

Etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak egin dituztenek kontuan izan behar dute aipatutako ekarpen ekonomikoak ez direla bateragarriak izango Basaundi auzokoekin, baina bai beste erakunde publiko batzuek ematen dituztenekin, baldin eta jasotzen duten dirua obretan inbertitutako kopurua gainditzen ez badu.

"Lehentasunezko neurria"

Herriko alkatea izateaz gain, Hirigintza batzordeburua da Agustin Valdivia; hark aurkeztu du laguntza lerroa. Egungo eraikin parkeak energiaren %30 inguru kontsumitzen du".  Energia eta Klima Plan Nazional Integratua aipatu du; egitasmo horren xedea da 2030erako 1.200.000 etxebizitza birgaitzea energetikoki.  Halaber, Espainiar Estatuko eraikuntzaren sektorean eragiteko epe luzeko estrategian jaso dute neurria. 

Bestalde, adierazi du udalak aurkeztu dituen dirulaguntzak "eskala txikiagoko jarduketak" egiteko dela, baina laguntzen dutela alor hori hobetzen. "Funtsezkoa da etxebizitzak birgaitzeko politika aktiboari eustea, jarduera hori gero eta gehiago sustatzeko". 

Erlazionatuak

Energia eta Klima plana garatuko du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 22 Gizartea