Energia eta Klima plana garatuko du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 22a, 09:30
Ezker-eskuin: Nagore Duran, Agustin Valdivia eta Itziar Gurrutxaga.

"Aldaketa klimatikoari aurre egiteko" plana gauzatuko du Lasarte-Oriako Udalak, energia eta klimaren gainekoa. Egoeraren diagnostikoa egiten ari dira. Helburu nagusietako bat da 2030. urterako %40 murriztea berotegi-efektua hauspotzen duten gasen emisioa. Herritarren ekarpenak jasoko ditu, parte-hartze prozesu baten bidez.

Agustin Valdivia alkateak eman du proiektuaren helburuen berri. Batetik, berotegi-efektua hauspotzen duten gasen isuriak %40 murriztea 2030erako; bestetik, udalerriaren jarduna egokitzea, aldaketa klimatikoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan. "Sektore guztietara bideratutako neurriak jasoko ditugu planean, baina udaletxetik hasiko gara", zehaztu du Valdiviak. 

Ekintza batzuk zehaztu dituzte: udalerriaren energia-gastua moldatzea eta murriztea, herriko argiteria aldatzea –2021-2023 urteetarako inbertsio-planean jasota dago hori– eta udal-ekipamenduetan energia berriztagarria sortzen duten tresnak instalatzea. "Gaur egungo kontsumoa %35 murriztu nahi dugu, eta energia berriztagarriak sortzeko gaitasuna handitu". Egoeraren diagnostikoa egiten ari dira orain: besteak beste, udal-ekipamenduak kontsumitzen duen energia aztertzen, Gurrutxagak jakinarazi duenez. 

Herritarren parte-hartzea 

Gaur egungo egoeraren azterketaz gain, lasarteoriatarren iritziak ere bilduko ditu Udalak, inkesta digital baten bitartez. Maiatzaren 21ean jarri dute martxan parte-hartze prozesua. Galdetegi hori hilabete inguruz egongo da Udalaren web-orrian. 

Saio presentzial batzuk ere egingo ditu. Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko izango da horietako bat; inkestako erantzunak eta egoeraren azterketaren zenbait ondorio eskuetan izan nahi ditu Udalak horrezkero. Diagnostikoa osatuta dagoenean, beste saio bat egingo dute, helburu honekin: planean txertatzeko hiruzpalau ekintza zehatz garatzea. Hitzorduen datak eta orduak zehazteke daude.

Parte-hartze zinegotzi Nagore Duranek adierazi duenez, Klima eta Energia Planaren gaineko informazio guztia Udalaren web-orrian, sare sozialetan eta tokiko prentsaren bitartez zabalduko dute.