Erdi Arora bidaiatzeko azoka

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 17a, 20:14

Herritar ugari bertaratu du lehen arratsaldean azoka osatzen duten postuetan zer den ikusteko. Hamaika gauza topa daiteke eta askok aurkitu du bilatzen zuen zerbait. Salmenta postuez gain, txikienei zuzendutako jarduerak ere egingo dituzte eta garaiko kanpaleku bat ere badago ikusgai.

Iraganera jauzi egin eta hiru egunez Erdi Aroko giroak hartuko ditu Aralar eta Andatza plazak. V. Erdi Aroko Xacobeo azokaren erdigunea horiek badira ere, herriko beste txoko batzuk ere apaindu dituzte azokaren berri emateko.

Ostiral arratsaldean zabaldu ditu ateak, eta eguraldi ona lagun, dozenaka herritar ibili da artisauen postuen artean kuxkuxean. Ez dira gutxi izan diru zorroa atera eta zerbait erosi dutenak. Eskaintza aurrekoetan baino mugatuagoa izan arren, ugaria da: arropa, bitxiak, gerrikoak, kandelak, ukenduak... Jatekoek ere ez dute hutsik egin. 50 postuetako batzuetan dauden gutiziez gain, tabernan bestelakoak dastatzeko aukera ere badute herritarrek; antolatzaileek gomendatutako olagarroa, kasu. 

Karroarekin heldu da 18:30ak aldera Eulalia ipuin kontalaria. Txoko batean utzi eta bertatik perretxiko itxurako eserleku bat atera du eta lurrean jarritako oihal gainean esertzen joan dira haurrak. Mordoxka bat izan dira eta inguruan ere beste batzuk bildu dira kontakizuna entzuteko gogoz. Amalur printzesa ausartaren gorabeheren berri eman die eta hitzik galdu gabe jarraitu dute entzun dute dena, baita ozen parte hartu Eulaliak hala eskatu dienean. Asteburuan ere halako beste zenbait jarduera egingo dituzte txikienei begira. 

Xacobeo MMXXI eta Eventos Globales enpresek antolatutako jardueran erakustaldiek toki berezia izan ohi dute. Halakorik ez da oraingoan, baina Aralar plazan Cabalburr kanpaleku militarrean garaiko arropak eta armak ezagutzeko aukera dute. Arratsaldean azoka ikusten aritu diren Agustin Valdivia alkateak eta Maite Iglesias zinegotziak adi jarraitu dituzte ezpata, kasko eta bestelakoen erabileraren inguruan adituak emandako azalpenak. Handik gertu, saskigintza lanak ere ikus daitezke.

Azoka 23:00ak arte zabalik dago. Larunbatean, berriz,  11:00etatik 23:00etara, eta igandean, 11:00etatik 21:00etara. 

 

Erlazionatuak

Abian da Erdi Aroko Xacobeo azoka

Txintxarri Aldizkaria 2021 ira 17 Gizartea

Eulalia ipuin kontalaria, Andatza plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021 ira 17 Gizartea