Larrialdiei Aurregiteko Bidearen (LABI) Aholku Batzordeak prebentzio-neurriak eguneratzeko dekretu berria onartu du gaur.
Bizi Berri IV Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak eta LABIren Batzorde Teknikoaren iritzia jarraiki neurriak malgutzea erabaki du aholku batzordeak.
Neurri berriak honakoak dira:
- Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako itxiera-mugako ordutegia 03:00ak arte luzatzea.
- Lokal eta instalazio guztiek, gehienez ere, ehuneko 75eko edukiera izango dute.
- Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 1.500 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan, eta 1.800 pertsona kanpoko egitasmoetan. 3.000 lagunetik gorako edukiera duten esparru itxietan, gehieneko edukiera ez da ehuneko 40tik gorakoa izango, eta esparru irekietan, ehuneko 60tik gorakoa.
- Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetarako edukieraren ehuneko 75 ezartzen da barnealdeetan. Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio. Barnealdeetan 8 laguneko taldeak bildu ahalko dira eta kanpoan, berriz, 12 lagun.
- Joko- eta apustu-establezimenduek eta txoko eta elkarte gastronomikoek ostalaritza-sektorerako aurreikusitako baldintzen oso antzekoak bete beharko dituzte.
- Lonjak, gazte-lokalak eta antzekoak berriro ireki ahal izango dira 16 eta 29 urte bitarteko adin-tartean txertaketak jarraibide osoaren % 85 gainditzen duen unetik aurrera.
- Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak berriz irekitzeko baimena izango dute, honako arau hauen arabera: edukiera-muga barrualdeetan, edukieraren ehuneko 50ean; debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Maskara jantzita bakarrik egin ahalko da dantza. Gainerako xedapenak ostalaritza-sektoreari aplikatzen zaizkionak dira.
- Barnealdeetan egiten diren museoetara, erakusketa-aretoetara, jolas-zentroetara eta turismo-zentroetara taldeek egiten dituzten bisiten gehieneko kopurua 20 pertsonara arte handitu da.
- Barne-instalazioetako kirol-jarduera 16 pertsonako taldeetan egituratu ahal izatea ahalbideratu dute.
- Administrazio publikoek eta enpresek aurrez aurreko jardunera itzultzea erabaki ahal izango dute urrutiko lanari edo telelanari buruzko araudiak arautzen ez dituen lanpostu guztietan. Lan-eremu bakoitzaren tipologia eta baldintza bereziak kontuan hartu beharko dira, eta oinarrizko prebentzio-neurriak mantendu beharko dira, hala nola maskara erabiltzea eta aireztatzea, lan-osasuneko zerbitzuek adierazitakoaren arabera.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, Euskadiko datuek (txertaketa erritmoa, intzidentzia metatuaren beherakada eta ospitaletako asistentzia-presioa) "egoera desberdin baten aurrean" dagoela baieztatzea ahalbidetzen dute. Beraz, LABIren ustez "egokia da jarduera sozial normalizatua berreskuratzeko trantsizio-etapa kudeatzea."
Hala eta guztiz ere, oinarrizko prebentzio-neurriak mantentzeko beharra azpimarratu du batzordeak: eskuak garbitu, maskara erabili, espazio itxiak aireztatu eta aglomerazioetan ez parte hartzea