'NEURE KABUZ'

Denbora

Maitane Rebe 2021ko ira. 17a, 08:00

Lehengoan amonarekin hizketan egon ondoren, pentsakor joan nintzen etxera. Bizitzaz eta bizitzeaz aritu ginen solasean. Amonak zera aitortu zidan: “Zu bezain gazte izan nahiko nuke berriro...bizitzeko…”. Klik egin zidan buruak. 

Etxera iristean, amonak utzitako kezka horren inguruan hausnartzen ari nintzela esan nion amari: “Ez dut amona bezala izan nahi. Zaharra naizenean, atzera begiratu eta bizi dudala sentitu nahi dut”. “Zuk bi bizitza bizitzen dituzu jada”, klik egin zidan buruak berriro. Ezustean harrapatu ninduten amaren hitzek. Bi bizitza? Zergatik?

Bizitzeko denbora muga batekin jaiotzen gara. Izan ere, denbora ezin izango dugu berreskuratu, ez da inoiz bueltatuko, eta gu geu gara bizitzari mugak jartzen dizkiogun bakarrak. Egiten duguna egiten dugula, erabakitzen duguna erabakitzen dugula, kontuan izan behar dugu momentu hori bakarra dela, eta ez dela itzuliko. Beraz, denbora zertan eta zeinekin “xahutzen” dugun jakin behar dugu.

Denbora eraginkorki erabili behar dugu, helburu bat jarraituz. Horrek ez du esan nahi egunerokotasunean gure denbora ahalik eta jarduera gehien egiteko erabili behar dugunik. Izan ere, atseden egun batez gozatzeak ere bere helburua du, eta ez dugu zertan denbora galtzearen ideiarekin lotu behar.

Bizitzeko gakoa denbora norberarengan inbertitzean dago. Daukaguna aintzat hartzen jakin behar dugu, momentu onez eta bizitzaz gozatu behar dugu. Erlojuari loturik bizi gara, gatibu. Denbora gelditzeko, pasatzeko eta xahutzeko gai garela sentitzen dugu, baina ez gara ohartzen denbora dela gu maneiatzen gaituena.

“Denbora urrezkoa da” esaten ohi dugu. Eta ez, ez da urrea. Denbora bizitza da, eta bizitzen ikasi behar dugu. Gauza asko egiteko gai gara, mugitu egiten gara, eta larriturik goaz alde batetik bestera, baina ez dakigu bizitzen. John Lennonek esan zuen bezala, bizitza beste gauza batzuk egiten zauden bitartean igarotzen dena da.

Hausnarketarako galdera pare bat, une batean pausatu eta guretzako denbora hartzeko. Galdetu diezaiogun gure buruari: Zertarako bizitzen gara? Zertarako gaude bizirik?

Izakiak finituak gara, halabeharrez igaro den denboran murgildurik gaudenak. Bizitzak 86.400 segundo oparitzen dizkigu egunero. Baina bata bestearen atzetik pasatzen dira, isilik, gu ia ohartu gabe. Eta une batean konturatzen gara denborak ez duela soilik aurrera egiten, azkarregi igarotzen ari dela baizik.

Eta ez ama, ez ditut bi bizitza bizitzen. Bizitza bizitzen ari naiz, bat bakarra eta neurea.