Mendiaz gozatzeko festa, iraileko azken igandean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko ira. 14a, 11:09
Ezker-eskuin: Juan Luis de la Mata, Javi Olazagoitia eta Anabel Eleno. Antolatzaileen taldeko kideak dira hiruak.

Mendira joatea gustuko duten herritarrek apuntatu dezatela hitzordu hau agendan: III. Mendi Festa izango da irailaren 26an, igandearekin. Izen-emateak "erritmo onean" doazela azaldu dute Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) kideek, probaren antolatzaileek. Aurtengo aldiko berrikuntza nagusia ttipi-ttapa martxa izango da: 8 kilometro ditu luze, eta "familiako kide guztiei" zuzenduta dago.

LOTMEko arduradunek III. Mendi Festa aurkeztu dute Antonio Mercero aretoan. Behin eta berriro azpimarratu dute kirol ekitaldi hori "segurua" dela, eta "zero arriskurik" egongo ez dela bermatu ezin duten arren, ez dutela espero ezustekorik. "Aire zabalean izango da proba eta protokolo zorrotza egin dugu". Esate baterako, parte-hartzaileak mailakatuta aterako dira Okendo plazatik, ordu desberdinetan. "Iaz pilaketa txiki batzuk gertatu ziren irteeran; errepikatzea saihestu nahi dugu". Izen-emateak "erritmo onean" doazela esan dute antolatzaileek: iaz 285 pertsona animatu ziren, eta aurten, gaur-gaurkoz, 266, eta epea ez da oraindik amaitu. 500 dortsal jarri ditu eskuragarri antolakuntzak. Lasarte-Oriako Udalari eskerrak eman dizkio: "Antolakuntza lanak errazak izan dira, ez digute batere trabarik jarri".

Hiru aukera 

Ibilaldi luzea, martxa motza eta ttipi-ttapa martxa, familiako kide guztientzat. Hiru aukera izango dituzte herritarrek III. Mendi Festaz gozatzeko, irailaren 26an. LOTMEko kideek nabarmendu dute ekitaldiaren helburua ez dela negozioa egitea, baizik eta mendiaz gozatzeko eta ingurua ezagutzeko aukera ematea parte hartu nahi dutenei. Hori bai, ohartarazi dute ibilaldi luzea egiteko —30 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positibo metatua— mendian ibiltzera ohituta egon behar dela. "Hala ez bada, uste baino luzeagoa egin dakioke bati baino gehiagori". Modalitate horretan parte hartzeko 16 urte izan behar dira gutxienez. Prezioa, hamabost euro. Martxa motza, aldiz, 13,5 kilometrokoa da, eta 650 metroko desnibel positibo metatua du. Prezioak, hauek: helduentzat, hamabi euro, eta haurrentzat, zortzi.

Ttipi-ttapa martxa izango da aurtengo aldiko berrikuntzetako bat. Iaz bertan behera uztea erabaki zuten, koronabirusagatik. Zortzi kilometro ditu luze, eta familian egiteko pentsatua dago. Prezioak: hamabi euro helduentzat, eta bederatzi haurrentzat.

Izen-emateak www.kronoak.com web-orrian egin daitezke. Presentzialki ere bai, irailaren 24an, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 17:00etatik 20:00etara. Probaren egunean bertan ere apuntatu ahalko dute herritarrek, baina izen-ematea garestiagoa izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Parte-hartzaile bakoitzak kirol kamiseta eta poltsa bana jasoko ditu proba amaitzean.

Lasarteoriatarren batek boluntario ariko nahiko balu irailaren 26an, LOTMEko kideekin jarri daiteke harremanetan, sare sozialen bidez. Edonola, antolatzaileek adierazi dute "pertsona dezente" animatzen ari direla laguntza ematera, eta "oso pozik" daudela horregatik.

Belaunaldi gazteak

Esan bezala, LOTMEko kideak pozarren daude inskripzioak erritmo onean doazelako. Aurreko edizioetan gazteek parte hartu dutela adierazi dute, baina are gehiago animatzea nahiko lukete.

Bestalde, uste dute "funtsezkoa" dela mendi festa bezalako jarduerak sustatzea Lasarte-Orian. "Azken hilabeteetan jarrera itsusiak ugaritu egin dira mendian; zabor dezente jaso behar izan dugu. Horren aurrean, uste dugu kirol ekitaldien bidez ingurunearekiko kontzientziazioa landu daitekeela".