Lasarte-Oria Trail taldeak inguruko mendietan zaborra pilatzen ari dela salatu nahi du

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 22a, 15:15

Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko kideek azken hilabeteetan Andatza, zein Buruntza mendietan aurkitu duten salatu nahi dute ohar bitartez

Lasarte-Oria Trail Mendi elkartea pozik dago pandemiak mendi-ibilaldiak egiteko zaletasuna areagotu duelako eta "gure mendietan inoiz baino giro politagoa ikusten ari garelako".

Baina horrek arazo bat sortu duela jakitera eman du taldeak, zaborra. Mendi taldeko kideak aurkitu duten zabor hori guztia biltzen ari dira; baina oharrean nabarmentzen dutenez, "lan handia dago egiteko".

Horregatik, LOTMEko kideek herritarrak kontzientziatu nahi ditu gure inguruko mendiak eta basoak zaintzeko. "Badakigu gehienok gauzak ondo egiten ari zaretela eta gutxi batzuk direla ondo egiten ari ez direnak. Baina, mendi tontorrean edateko latak edo botilak igotzen baditugu, zergatik ez ditugu berriro lata horiek edo botila horiek hutsik jaisten? Hau adibide bat besterik ez da. Beste era bateko zaborrak ere ageri baitira gure mendietan: musukoak, patata poltsak, tabako kaxak…," adierazi dute

Era honetara, LOTMEk herritarrak animatzen ditu bakoitzak bere aldetik mendia garbi manten dezan. "Era honetara, gure mendiez gozatzeko aukera izango dugu denok eta gure mendiek ez dute zabortegi itxura izango".