Oriarteko pintaketak gaitzetsi dituzte dozenaka herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 11a, 10:15

aSUnak neska* gazteen taldeak egindako deiari erantzunda, berrehun bat lagun batu dira ostiral arratsaldean Okendo plazan gertakaria salatzeko.

 

Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia, ezta kontrako jarrera erakusten dutena ere. Ostegunean Oriarte institutuko patioan agertutako pintaketa "faxista, matxista, sexista eta homofoboak" gaitzesteko elkarretaratzea deitu zuen talde feministak eta erantzun jendetsua izan dute. 

Pankarta atzean zenbait minutu igaro ondoren, taldeko kide batek idatzi labur bat irakurri zuen. Deitzaileen iritziz, gertakariak  "erakusten du biolentzia zisheteropatriarkalak egunero zeharkatzen gaituela, askotariko eraso eta biolentziak jasaten baititugu. Feminismoa intersekzionala izanik, garrantzitsua iruditzen zaigu sistema honek eragiten dituen zapalkuntza oro agerian utzi, kontuan izanik eraso hauek guztiak sistema honen baitan ematen direla eta ez direla kasu isolatuak".

Hori horrela, eraso guztiei erantzungo dietela ere iragarri zuten, herrian gertatutako hainbat eraso salatzeko egin izan duten moduan. "Argi utzi nahi dugu horrelako indarkeriaren aurrean irmoki erantzungo dugula. Erasorik ez, erantzunik gabe. Gora borroka feminista!", berretsiz amaitu zuen hitzartzea.