Oriarte Larrekoetxe institutuko pintaketak gaitzetsi ditu udal korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 10a, 16:15

Lasarte-Oriako udal korporazioak adierazpen instituzional bat onartu du iraileko ohiko saioan. Oriarte Larrekoetxe institutuan asteon azaldutako pintaketak gaitzetsi ditu. Honela dio oharrak:

"Lasarte-Oriako Udalak arbuiatu eta gaitzetsi egiten du Oriarte Institutuaren barruan atzo egindako pintada. Irainak, deskalifikazio pertsonalak, gorroto-mezuak eta gure estatuaren historia modernoko etapa okerrenetako bati egindako bibak gaitzesgarriak dira argi eta garbi.

Duela urte batzuetatik hona, mezu xenofoboak, dibertsitate sexualaren kontrakoak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokaren kontrakoak eta desberdintasunarekiko gorrotozko mezuak ugaritzen ari dira, ideologia ultraeskuindarreko alderdiak gero eta sostengu handiagoa duten heinean.

Inoiz existitzeari utzi ez dioten talde horien diskurtsoek gizartean eragin handirik izatea lortzen ez bazuten ere, egunetik egunera publikoagoak izaten ari dira, botere ekonomiko eta komunikabide jakin batzuen babesarekin, haien mezuak ez deslegitimatzen laguntzen baitute eta, Estatuko kasuan bezala, eskuineko gobernuak mantentzen baitituzte hainbat komunitate autonomotan eta udalerritan.

Tamalez, feminismoaren borrokarenganako, LGTBI pertsonenganako eta emigranteenganako gorrotozko ekintzak egunez egun areagotzen direla ikusten ari gara. Tristura handiz ikusten dugu, halaber, zenbait instituzio eta alderdi politikotatik ez direla irmo arbuiatzen ari gorrotozko ekintza eta diskurtso horiek, espero izan zitekeen bezala.

Pertsona eta instituzio publikook berdintasunaren, demokraziaren eta justiziaren balioak gotorki defendatu behar ditugu, dibertsitatearekiko errespetua, berdintasunaren sustapena eta instituzio demokratikoak indartuz eta eskubide pertsonalen eta sozialen arloan lortutako aurrerapausoetan muturreko jarreretatik atzera eginarazi nahi digutenei bidea itxiz.

Horregatik, Lasarte-Oriako Udala, lasarteoriatarrekin batera, berdintasunaren, demokraziaren eta justiziaren balio horien alde lan egiten jarraitzera konprometitzen da, mugimendu feministaren berdintasunaren aldeko borroka, dibertsitate sexualaren errespetuaren aldeko borroka eta immigranteenganako errespetuaren eta integrazioaren aldeko borroka aldarrikatuz, defendatu beharreko balio moduan eta gizarte gisa aberasten gaituen balio moduan".