NEURE KABUZ

Berri usaina

Lierni Rekondo 2021ko ira. 10a, 08:30

Irailak berri usaina du niretzat, liburu bat irekitzerakoan orriek jariatzen dutenaren antzekoa. Eskolarako arkatzak eta boligrafoak erosten genitueneko kutsua hartzen diot; arkatza eta betetzeke dagoen orri zuri bat aurretik. Argi dago bortitz etortzen den hilabetea dela, gehienok motel xamar harrapatzen gaituena baina, bada, baita ere, errutinara bueltatzeko eta kokatzeko unea, kaosa ordenatzekoa.

Gorka Urbizuk zerotik hasteko parada gisa definitzen zuen eta hala izaten da sarritan, gutako askorengain, iraileko lehen egunak urtarrilekoak baino pisu handiagoa baitu. Nik, hasieran aipatutako paralelismoan onduz, nobela berri baten hastapen gisa definitzen dut iraila, edo saiakera berri batena, perspektibak eta aurreiritziek definitzen dute generoa. Eta beharbada nobela gisa hasten denak poema bilduma bat izaten amaituko du, autolaguntza liburu bat bestela. Dena dela, hasteak badu nahikoa meritu ez baita beti erraza izaten, orri zuriaren eta iruzurgilearen sindromeak talka egiteak idazkia kolokan jartzen baitu. Beraz, hartu boligrafoak eta ekin idazteari; hasi zara dagoeneko, eta ez da gutxi.

Irakurle, idazle: liburu berri on.