Inbertsioak eta konponketa lanak ikastetxeetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 11:35
Landaberri LH ikastetxeko goiko patioan karpa bat jarri du udalak, soinketa bezalako jarduerak egin ahal izateko. Argazkia: Txema Valles.

Aurtengo udaran zehar inbertsioak eta konponketak egin ditu Lasarte-Oriako Udalak herriko ikastetxeetan. Ez dira azkenak izango, 2023ra arte egin duen inbertsio planean esku-hartze gehiago jaso baititu. Hurrengoa, Sasoeta LHko sarbidea aldatzea eta zentroetan alarmak zein kamerak jartzea.

Herriko ikastetxeetara itzuli diren herritarrek zenbait aldaketa atzeman dituzte; batez ere, Sasoeta eta Landaberri LHkoek. Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du udaran zehar zenbait inbertsio eta konponketa egin dituela. Sasoetan atletismo pista, gimnasiora sartzeko gunea eta beste eremu batzuk asfaltatu ditu. Landaberrin, lan hauek egin dira: goiko patioa eta frontoi atzealdea asfaltatu dira; beheko patioa hormigoitu egin da 
—hasiera batean asfaltatu egin behar zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila jangela eraikitzen ari denez zona horretan, zoru mota hori aproposagoa da, Agustin Valdivia alkateak zehaztu duenez—; soinketa bezalako jarduerak egiteko karpa jarri da goiko patioan; ateak eta barandak margotu dira; eta sare eta zutoin berriak jarri dira. Partehartze eta Gardentasun Saileko zinegotzi Nagore Duranek eman du inbertsio horien berri.
Udalak bi urterako inbertsio plana aurkeztu zuen martxoan. Valdiviaren hitzetan, hezkuntza zentroak "zutabe oso garrantzitsua" dira; adierazi du, udal laguntzak jaso ahala, ibilbide orri horretan jasotako esku-hartzeak gauzatuko dituela udalak. "Hezkuntza sailak ikasturte hasieran egin du 2022. urterako deialdia, eta horrek denbora gehiago emango die udaletxeei egin nahi dituzten lanak justifikatzeko; aurreko urteetan urte amaieran ematen zuten horren berri, eta epea abenduaren 31n amaitzen zen".

Hurrengo lanak

Alkateak aurreratu du hurrengo lanetako bat Sasoeta LHra sartzeko bide berri bat (Maialen Chourraut kiroldegi atzealdetik) egitea izango dela. "Teknikariak proiektua egiten ari dira, eta urtea amaitu aurretik lizitatuko da". Horrez gain, zentro horretako eremu bat berrurbanizatuko da.  Esku-hartze gehiago: ikastetxe bakoitzean alarma bana instalatuko du udalak, Landaberri LHn izan ezik, hor dagoeneko badagoelako bat. Hipodromotik gertu dagoen eraikin horretan kamerak jarriko dira. "Lapurreta gehienak" bertan gertatzen direla argudiatuta, segurtasun sistema indartzea erabaki du udalak. Aurrekontua 486.086 eurokoa izango da.

Sasoeta-Zumaburu eraikineko lanen gainean ere hitz egin du alkateak, nahiz eta horiek ez dauden udalaren esku, Hezkuntza sailaren esku baizik. "Hiru edo lau urte beranduago, arkupeak konpontzen ari da; adi gaude, segurtasun neurri guztiak bete daitezen obrek iraun artean".

Konponketa "ugari"

Zerbitzu eta Obra Publikoetako zinegotzi David Mateosek jakinarazi du konponketa "ugari" egin dituela udal brigadak ikastetxeetan. Bi nabarmendu ditu: Garaikoetxeako patioan HH2ko umeen espazioa zein den adieraziko duen hesitura, eta ura kanalizatzeko bideak konpontzea. 

Pertsianak, iturriak, tinbreak, emergentzia argiak, entxufeen estalkiak, sabaiak...ere konpondu ditu udalak. "Udara bakoitzean egiten ditugu horrelako esku-hartzeak, eta horretan jarraituko dugu etorkizunean ere", adierazi du Mateosek.