Parte-hartze txikia herri-galdeketan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 25a, 21:03

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi duenez, erroldaren arabera 15.965 herritarrek zuten gaurko herri kontsultan parte hartzeko aukera. 20:00etan itxi dituzte mahaiak eta %7,88k bakarrik eman du bere iritzia, hau da, 1.258 lagunek. Gehienak, lurperatutako edukiontziak kentzearen alde egin du. 

Lasarte-Oriako Udalak kontsulta mahaiak itxi eta ordubetera ezagutarazi ditu emaitzak. Iritzia eman duten herritarren 702k lurperatutako edukiontziak ezabatzea nahiago dutela adierazi dute, 552k, berriz, kontrakoa; haiek mantentzearen alde egin du. Horrez gai, balio gabeko hiru paper eta zuri zegoen bat ere izan dira. 

Lurperatutauko edukiontzien inguruko galdeketa abian izan da goizeko 10:00etatik. Lehen orduetan ez dira herritar gehiegi animatu beraien iritzia ematera, bildutako datuek argi utzi duten moduan. Eguerdira arte, %1,9ak (303 iritzi) besterik ez du parte hartu.  Horietako bi Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta David Mateos zinegotzia izan dira, Mirentxun jarritako mahaia aukeratu dute horretarako.

Kopuruak kopuru, eguerdian mugimendua nabari zen herriko erdialdean dauden mahaietan. Pilaketarik ez da izan, baina koronabirusaren ondorioz ezarritako neurriek ilara sortzea eragin dute zenbaitetan. Minutu gutxiko kontua izan da, edonola. 

14:00etan itxi dituzte mahaiak eta 16:00etan ekin diote berriro galdeketari. 18:00etako eguneraketan gora egin du pixka bat parte hartzeak, %6,26ra (999 iritzi). 20:00etan kontsulta amaitu denean, guztira, 1.258 izan dira.

Lurperatutako edukiontziak kentzea edo mantentzea nahiago duten adierazteko aukera baliatu nahi izan dutenek horretarako prestatu diren sei guneetako edozeinetara jo zezaketan. Hauek dira leku bakoitzean bildutako datuak:

  Emandakoak Baliogabeak Zuriak  Mantendu Ezabatu
Kultur etxea 209 1 0 78 130
Gaztelekua 249 0 0 113 136
Mirentxu 231 0 0 121 110
Basaundiko bulegoa 103 0 0 41 62
Udaletxea 373 2 1 160 210
Pabilioia 93 0 0 39 54
GUZTIRA 1.258 3 1 552 702