TXINTXARRI

Hazten jarraitzen dugu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abu. 1a, 09:00
Bost ikasturteren buruan, TXINTXARRI-ren atari digitaleko bisitak %50,5 hazi dira. Grafikoa: TXINTXARRI/Flourish.

Inoiz baino erabiltzaile gehiagok inoiz baino orrialde gehiago bisitatu dituzte, eta inoiz baino saio gehiago hasi dituzte www.txintxarri.eus atari digitalean, 2020-2021 ikasturtean. Artikulu honen helburua da zifra, portzentaje eta bestelakoak zuekin partekatzea, irakurleok. Aurrera jarraitu aurretik, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu, egunero-egunero erakusten diguzuen konfiantzagatik.

Atari digitalean 1.359 artikulu (albisteak, argazki-notiziak, elkarrizketak, erreportajeak eta kronikak) argitaratu ditugu 2020ko irailetik aurtengo uztailera, 222 argazki-galeria publikatu ditugu, eta 139 bideo grabatu ditugu; guztira, 1.720 informazio-pieza. Hilabetero, batez beste, 123 artikulu, ia hamahiru bideo (12,6) eta hogei argazki-galeria pasatxo (20,2). Iazko kurtsoan baino %15 artikulu gehiago publikatu ditugu aurtengoan (iaz 1.156 izan ziren), %3 argazki-galeria gehiago (iaz, 216) eta %19 bideo gutxiago (iaz, 172).

2020-2021 kurtsoan zehar egindako 1.720 pieza horiek 49.329 erabiltzaile erakarri ditu. Irakurle horiek 120.466 saio hasi dituzte, eta 293.791 orrialde bisitatu dituzte. 2019-2020 ekitaldian izandako gorakada nabarmena egonkortu soilik ez, are gehiago hazi da aurten: %6 bisita gehiago (pasa den kurtsoan 275.366 izan ziren), %10 erabiltzaile gehiago (iaz, 44.496) eta %6 saio gehiago (iaz, 112.839). 

Artikulu hau ilustratzen duen grafikoari erreparatuz gero, honakoa ondorioztatu daiteke: azken bost ikasturteetan gorakada oso nabarmena izan dutela www.txintxarri.eus web-orriko trafikoko datuek. Begira, adibidez, zer gertatu den ikustaldiekin: 2016-2017 kurtsoan 148.377 izan ziren, eta bost ikasturte beranduago, %50 gehiago, 293.791. Are gehiago hazi da erabiltzaileen eta saioen kopurua, zifrak bikoiztu egin baitira alor batean zein bestean. 2016-2017an 23.563 irakurlek nabigatu zuten txintxarri-ren atari digitaleko uretan barrena; ikasturte honetan askoz ere kide gehiago izan ditu eskifaiak, 49.329.  Hasitako saioen hazkundea ere azpimarratzekoa da, arestian esan bezala: duela bost ikasturte 62.419 izan ziren, eta aurten, 120.466 izan dira. Zalantzarik gabe, datozen ekitaldietarako erronka nagusia artikulu honetara ekarritako datuak egonkortzea izango da, eta ahal dela, goranzko joera mantentzea. Hori, ordea, ez dugu guk soilik lortuko, zuen laguntza behar izaten jarraituko dugu. Elkarrekin ari gara hazten, eta horretan jarraitu nahi dugu.

Eduki irakurrienak 

Egunez egun gure atari digitalean irakurri dituzuen edukiak hamaika gairi buruzkoak izan dira. Familia eredu desberdinei buruz egin dugun erreportaje-sorta nabarmendu nahi dugu, bi arrazoigatik: batetik, horrelako kazetaritza-lan bat egin dugun lehen aldia izan delako; eta bestetik, irakurleen interesa piztu duelako. Ez da kasualitatea kurtsoko hamar eduki irakurrienen artean serie horretako lau artikulu egotea. Ikusmin handiena sortu duena Agirre-Mantzizidor familiarena izan da.

El Conquistador del Caribe saioan lehiatu diren bi herritarrak, Euskaraldia, Ttakun KEren eta udalaren Gure Patxintxiak lehiaketa, Pako Bergara irakaslearen bertso-agurra, COVID-19 iraunkorra tarteko Bego Toquerori egindako elkarrizketa eta Lierni Rekondok idatzitako Lasartearra eta euskalduna? zutabea ere badaude hamar irakurrienen artean.

Erlazionatuak

2020-2021 ikasturteko hamar eduki irakurrienak

Txintxarri Aldizkaria 2021 abu 01 Euskara