Berrogei urteko ibilbide sendoari agur esan diote

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 23a, 10:00

Euskal Herriko eta nazioarteko kultura Lasarte-Oriara ekarri eta kultur ekintzen eskaintza egiteko asmoz elkartu ziren, herriko hainbat gazte, duela berrogei urte. Lau hamarkadetako lana egin du Sendoki kultur batzordeak, orain, amaierara iritsi berri dena

Duela berrogei urte eman zituen  lehen pausoak Sendoki kultur batzordeak. "Sendo, zuzen eta zorrotz", hortik hartu zuelarik izena gaurdaino lanean aritu den kultur batzordeak, Lasarte-Orian oraindik udalerri gisa sortu gabe zegoela, Euskal Herriko zein nazioarteko kultura sustatzeko helburuarekin elkartu ziren herriko zenbait gazte: "Garai onenetan hogei pertsona baino gehiago aritu gara lanean". Kultura sustatzeko gogoz indarrak batu, eta ekintzak antolatzeari ekin zioten, gazte talde gisa hasieran, eta, izaera juridikoa hartuta, gazte delegazio gisa gero. Pasa dira orduz geroztik lau hamarkada, eta, orain, kultur batzordearen ibilbidearekin amaitzeko erabaki hartu dute. Horrela, urte luze horietan egindakoaz, eta agurraz hitz egiteko, Ramon Ormazabal (Lasarte-Oria 1961) eta Antton Salsamendi (Lasarte-Oria, 1966) elkarrizketatu ditu TXINTXARRI-k.

Oso gogoan dituzte biek hasierako urteak. Ormazabalek kontatu du EAJren gazte mugimenduan zebiltzan zenbait kidek eman zituztela lehen pausoak. Kontatu du kultura mailan sumatu zuten hutsunea betetzeko beharra ikusi zutela, eta horri erantzun bat emateko asmoz ekin ziotela ibilbideari. Argi zuten helburua: Euskal Herriko eta nazioarteko kultura herrira ekarri eta ezagutaraztea. Eta xede hori jomuga eman zituzten lehen urratsak. Horrela, taldea ezagutarazi, eta apurka-apurka EAJren gazte mugimenduarekin zerikusirik ez zuen herritarrak batu zitzaizkiela kontatu dute: "Alderdi politikoarekin zerikusirik ez zuen jendea batu zen taldera; gazteria eta kultura bultzatu nahi genuen jende ezberdina elkartu ginen".

"Hutsetik" hasi behar izan zuten herriko kultur mugimendua sustatzen, horrela azaldu du Salsamendik: "Dena egiteko, sortzeko zegoen. Pentsa, gure herria bera ere udalerri gisa sortu gabe zegoen". Eta bide horretan hasi ziren lehen kontaktuak egiten. Horrela, Tolosako Ekinbide Etxera jotzea erabaki zuten: "Bertako kideak ezagutzera joan ginen, bilerak egin genituen eta beraiek kultur ekintzak antolatzeaz zuten esperientziatik eman ziguten ikuspuntua oso baliagarria izan zen. Eurei esker konturatu ginen Euskal Herriko zein nazioarteko ekintza kulturalak ekarri genitzakeela gure herrira. Izugarrizko laguntza izan zen".

Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen dituen ekintzen artean, garrantzia handikoak izan dira beti, adibidez, abesbatzen jaialdiak. Euskal Herriko zein nazioarteko abesbatzen jaialdia egiten zuten, eta aukera hori aprobetxatuz, jaialdian parte hartzen zuten abesbatzak Lasarte-Oriara ekartzen hasi zen Sendoki: "Azaroko lehen egunetan antolatu izan ditugu abesbatza saioak. Tolosako abesbatzen jaialdian parte hartzen zuten taldeak beste herritara eramaten gu izan ginen lehenak; hasieran, jaialdia irabazten zuen abesbatzak ekartzen genituen, eta gerora, parte-hartzaileak ere bai".

Tolosako Ekinbide Etxearekin harremanetan jarraituz, eurek antolatzen zuten Titirijai, Tolosako  NazioartekoTxotxongiloen Jaialdia ere herrira ekartzeko ahaleginetan hasi ziren; eta baita lortu ere. 1984. urtean antolatu zuten, lehenengoz, txotxongiloen jaialdia, Lasarte-Orian.

Kontatu dute ikastetxeekin eta bertako ikasle gazteekin egin nahi izan zutela txotxongiloen lanketa, eta halaxe egin zuten: "Herriko ikastetxeetako zein Gipuzkoako ikastetxe ezberdinetako ikasleak etorri ziren gurera. Bi saio antolatzen genituen; bat goizean eta bestea, arratsaldean". Ez dute ahaztu "egun osoko plana" izaten zela: "Astebeteko kultur ekintza izaten zen, oso intentsua, baina oso polita aldi berean".

Haurren artean zuen arrakastaz jabetuta, helduentzako txotxongilo saioak antolatzea erabaki zuen Sendokik. Horrela, Zumaburu eliza azpiko Gizarte Etxean eta Tedoso zineman helduentzako saioak ere egin zituztela azaldu dute Ormazabalek eta Salsamendik. Hamar urtez aritu ziren txotxongilo saioak antolatzen herrian, abenduro.

Bestelako kultur ekintza ugari
Soldaduska garaiak herriko kultur ekintzak antolatzeko zertan izan zaion baliagarria ere azaldu du Salsamendik TXINTXARRI-rekin izandako elkarrizketan. Jakinarazi du baliagarria izan zitzaiola Zarauzko Udal Musika Bandako orduan musikari (gaur egun zuzendari) Iosu Isasti ezagutzeko, eta, haren bitartez, Lasarte-Orian udal musika banden emanaldiak antolatzeko: "Harremana egin genuen, eta urtero-urtero, maiatzean, hiru udal banda ekartzen genituen, hiru igandetan".

Eta horren atzetik etorri ziren baita ere pintura eta marrazketa erakusketak, zumearekin egindako eskulanen tailerrak, eta abar: "Sendokiren ibilbidean, kulturaren edo eskulangintzaren munduan zebilen jendearekin topo egiten genuenean, saiatzen ginen herrian ekintzaren bat antolatzen".

Ez dituzte aipatu gabe utzi nahi izan urte luzez antolatu dituzten bestelako ekintza guztiak ere. Kontatu dute neguan musika klasikoko emanaldiak antolatzen ere aritu direla, baita Gabonetako lehen argiztapenaren antolaketan (Geltoki kalekotik hasita), San Pedro Jaietako kuadrilla Egunean, 750 pezetaren trukean antolatzen zuten bazkaria, eta, uztaileko Santa Ana Eguneko ekintzak ere. Azken ekintza horretan egin ohi den azokarekin aritu dira buru-belarri, udaleko kultura sailaren esku utzi, eta agurra iragarri duten arte.

Udaletxea sortuta, aldaketak
Oso gogoan dute, batez ere udala sortu eta lehenengo urteetan haren aldetik jaso zuten laguntza: "Batez ere hasierako urteetan zorte handia izan genuen; aurkezten genituen proposamen guztiak onartzen zizkiguten. Bazekiten lan txukun eta serioa egiten ari ginela, Gerora ere laguntza handia izan dugu, azken egunera arte".

Udalerria sortu eta udalak bere antolaketa zehaztu ahala, ordea, sail ezberdinetan antolatzen joan zen erakundea: "Gu festak, kirola eta gazteria sailarekin elkarlanean hasi ginen".

Kultur etxea ere martxan jarri zuten, eta, pixkanaka-pixkanaka, Sendokik antolatzen zituen ekintzen antolaketa udala bere gain hartzen hasi zen: "Horrelako egoerak gertatu direnean guk beti egin dugu pauso bat atzera, inolako polemikarik sortu gabe".

Kultur batzordearen bidea, ordea, honaino iritsi da. Berrogei urteko lan eta ibilbideari amaiera ematea erabaki dute. Aitortu dute "nostalgiaz" begiratzen dutela atzera, baina "poz handia" sentitzen dute, gauzak ondo egin dituztela sentitzen baitute: "Herrian errotuta dauden ekintza askoren sustraiak gureak dira, eta hori oso pozgarria da guretzat".

Eskerrak emanaz amaitu dute elkarrizketa: "Komunikabideei, udal-ordezkari guztiei, eta modu batera edo bestera gure ondoan, gu laguntzen aritu direnei eskerrak ematen dizkiegu; zuzeneko harremana, eta ona izan dugu guztiekin. Mila esker guztioi".