Berrogei urte eta gero, lekukoa uzteko unea iritsi zaio Sendoki kultur batzordeari

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 14a, 10:51

1981. urtean sortu zen Sendoki kultur batzordea. Euskal Herriko eta nazioarteko kultura Lasarte-Orian sustatu eta herrian zabaltzeko helburuarekin ekin zion bere ibilbideari. Orain, berrogei urte beranduago, bide horren amaierara iritsi direla iragarri dute

Duela berrogei urte, 1981. urtean sortu zen Sendoki kultur batzordea; Lasarte-Oria, oraindik udalerri gisa sortu gabe zegoela.  Euskal Herriko zein nazioarteko kultura Lasarte-Orian sustatu eta herrian zabaltzeko helburuarekin hasi ziren martxan, baina, berrogei urte beranduago, lekukoa uzteko unea iritsi zaie, eta horren berri eman dute astearte iluntzean.

Gogora ekarri dute sorreratik antolatu dituzten hainbat eta hainbat kultur ekintza. Musika klasikoko kontzertuetatik hasita, Okendo plazan antolatu dituzten musika banden kontzertuak, Tolosako Ekinbide Etxearekin batera antolatutako nazioarteko abesbatza lehiaketako abesbatzen emanaldiak, eta, Txotxongiloen nazioarteko jaialdiaren antolaketa lanetan lagunduz.

Gabonetako argiztapena sustatzeko lanetan ere aritu dira etengabe, eta, 1986. urtean, Lasarte-Oriako Udala sortu zenean, antolakuntza ekintzetan parte hartzeko eskaera egin zietela ere oso gogoan dute.

Herriko San Pedro Jaietan ere ekintza ugariren antolaketan parte hartu dute, euren laguntza eskainiz. Horien artean, esate baterako, Gipuzkoako Aurresku lehiaketan, Fandango eta Arin-arin txapelketan (25 urtez), Euskadiko sokatira lehiaketarako kanporaketak, herri kirolak, kuadrilla eguneko ekintzetan, San Pedro Eguneko pertsona zein taldeko aitortza omenaldian, luntxean, eta abar. Eta, ezin ahaztu Santa Ana Egunerako kultur batzordeak egindako lana ere; desfilean eta parodiaren antolaketan ere lan ugari egin ditu taldeak.

Santa Ana Eguneko artisau azoka antolatzen igaro ditu, kultur batzordeak urte gehien. 35 urtez jarraian, hain zuzen ere. 2019. urtean izan zen azkena, iaz COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.

Lekukoa uzteko garaia
Urtez luzez artisau azokaren antolakuntza lanetan aritu ostean, orain arteko bide horri agur esateko unea iritsi zaiela iragarri dute, baina, ziurtatu dute "esku onetan" uzten dutela, artisau azokaren antolaketa; udaleko kultura sailaren esku. Eta lan horietan desirarik onenak opa dizkiete.

Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete urte luzez ondoan izan dituztenei. Komunikabideei zuzendu dira lehenik, euren ekintza guztien berri, "mimo handiz" emateagatik. Erakundeak izan dituzte gero gogoan: "Lasarte-Oriako Udalari eta bertako politikariei, horrenbeste urtez guregan izan duten konfiantzagatik". Udaleko langile Pasquier eta Oier ere ez dituzte bazter utzi nahi izan, eurak laguntzeko prest egon baitira beti, eta, baita ere Kultura, Gazteria eta Jaietako udal departamentua ere, elkarrekin horrenbeste urtez lanean aritzeagatik.

Era berea, gogoan izan dituzte eurekin ez dauden lagunak ere, eta, baita modu batera zein bestera kultur batzordeak antolatutako ekimenetan parte hartu duten pertsona guztiak: "Mila esker guztiagatik".