'NEURE KABUZ'

Udalekuak

Gorka Alvarez 2021ko uzt. 16a, 09:05

Hitzak berak argitzen digu, urteko garai honetan kokatzen ditugula gure udaleku maiteak. Txiki eta gazteenentzat aisialdi aukera bikaina, nerabezaroan murgilduta daudenentzat abenturarako zirrikitu ederra eta heldu askorentzat lanerako lehen aukera, ikasketa prozesu ezin aberatsagoa eta guztiaren gainetik ene ustez bizi esperientzia izugarria.

Txikitan ez nintzen izan udalekuen oso zalea. Udaleku itxietan pare bat aldiz parte hartu nuen eta irekietan sekula ere ez. Izandako esperientziak oso positiboak izan ziren eta horrek piztu zuen nigan hezkuntzarako, aisialdirako eta formakuntzarako begirada garatzea. 

Azken hilabeteetako egoerak, ez du bermatu gazte zein haurrentzako aisialdi aukera duinak egoterik. Txikienek pairatu dituzten gabeziei, berandu bada ere, eman diete bide agintariek. Ikusita neurri egokiak hartuta eta alor honetan lan egiten duten pertsonen ardura zein konpromezua amaiezinak direla, gure etorkizuneko gizarteak euren aisialdian, sozializazio gaitasunetan, jolas praktikan, kirolean eta aniztasunean aritzeak dakartzan onurei uko egiteak, ekarriko lituzkeen ondorioen jabe izan dira. Azkenean! 

Ahalegin handia egin behar izan dute lan hauetan aritzen diren eta orokorrean gutxi baloratzen ditugun aisialdi taldeek eta espero bezala, erantzuna zoragarria izaten ari da. Lasarte-Orian Ttakunek egiten duen bezala, inguruko beste herrietan ere hainbat aisialdi talde jo eta su aritu dira, aukera hau ziurtatze aldera eta haurrak hezkuntza ez arautuaren bidez hezteko eta hazteko prozesu honetan sinistearen onurak nabariak dira. Zorionak hauei guztiei. Hala ere, askotan baloratzera edota hausnartzera iristen ez garen bigarren alde positibo bat ere baduela honek aipatu nahi nuen; begiraleena. Hezkuntza arautuaren, ez arautuaren, kirol munduaren, aisialdi aukeren etab. luze baten irteera profesionalaren harrobi dira udalekuak. Askori mundu honetarako hurbiltzea erraztu eta ikaskuntza prozesura bideratzeko atea irekitzen diete. Beste askok, gustuko duten alor batean, etengabeko ikaskuntza iturria topatzen dute. Nahita edo nahi gabe, udalekuek, asko erakusten digutelakoan nago. Uste baina gehiago.

Urteetan zehar haur, gazte, begirale, koordinatzaile eta gaur egun guraso izatea egokitu zaidan aldetik, esan beharra dut hausnarketa hau azken etapa honetan egin dudala. Beste garai guztietako bizipenek, esperientziek eta bereziki ikaskuntzek egunerokoan pisu handia hartu baitute eta orain bigarren plano batean bizitzeak eta horrek eman didan ikuspuntuak, lehendik ikusten nizkion onura guztiei, lotura bat bilatu eta gure gizarte gaixo honen arnasgunetzat ikusteraino eraman naute; aisialdi aukera ezinbestekotzat hartzeraino.

Hazi, hezi eta ikasi.