2021erako hitzarmena sinatu dute Aterpeak eta udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 14a, 12:28

Hitzarmena sinatu dute Aterpea merkatarien elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. 25.000 eurorekin lagunduko du udalak, merkatarien elkartearen urte honetako jarduna.

Astearte eguerdian sinatu dute Aterpeak eta udalak 2021erako hitzarmena. Agustin Valdivia Calvo alkateak eta Miguel Angel Prieto Aterpeako lehendakariak sinatu dituzte beharrezko dokumentuak, eta, horien bitartez Aterpeak 2021 urtean aurrera eramango dituzten jarduketetarako marko gisa balioko duena. Sinadura-ekitaldian Nuria Fernández Sozioekonomiako zinegotziak eta Ana Laureano Aterpeako lehendakariordeak ere parte hartu dute, eta herritarrak merkatarien elkarteak aurrera eramango dituen kanpainetan parte hartzera animatu dituzte. 

Valdiviak adierazi du udalak espero duela, gaur egun bizi dugun egoeraren aurrean, hitzarmen horrek merkataritza biziberritzen eta udalerria dinamizatzen laguntzea. Aterpeako lehendakari Prietok, bere aldetik,  eskerrak eman dizkio udalari, eta bereziki udaleko teknikariei hitzarmena sinatu ahal izateko egindako ahaleginagatik. 

25.000 euroko hitzarmena

Aterpeak jakinarazi du, aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko 47.203 euroko aurrekontua duela, eta udalak 25.000 eurorekin lagunduko du aurrekontu hori. Akordio horren bitartez indarrean mantentzen dira Merkataritza eta Ostalaritza Aktibatzeko Plana eta Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia, eta haren arabera, Lasarte-Oriako Udalak baliabide munizipalekin lagunduko du programatutako jarduerei zabalkundea ematen, eta espazio publikoak nahiz munizipalak utziko ditu zehaztutako jarduerak garatzeko.

Honako jarduera hauek dira udalaren hitzarmenarekin lagunduko direnak: 

  • Udaberriko festa.
  • Lortu 1.000 € kanpaina
  • Stock azoka
  • Bezeroaren hamabostaldia
  • “Pura suerte” kanpaina
  • Ferraren bila
  • Black Friday
  • Eguberrietako kanpaina (Abendua)
  • Publizitatea, sustapena eta prestakuntza
  • Aparkalekua kanpaina