Urteko "kanpaina erakargarrienetako bat" jarriko du martxan Aterpeak, uztailaren 1ean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 22a, 15:23
Aterpeako zenbait bazkide eta udal ordezkari batzuk, egitasmoa aurkezten.

Aterpea merkatarien, ostalarien eta zerbitzu-enpresen elkarteak Eskuratu 1.000 euro kanpaina jarriko du martxan uztailaren 1ean, ostegunez. Egun horretan hasi eta hilaren 16ra arte (ostirala), egitasmo horretan parte hartzen duten komertzioetan erosten duten bezeroak zozketa batean sartuko dira. Establezimenduetako jabeek papertxoak emango dizkiete herritarrei, horiek bete eta kutxatxo batean sar ditzaten.

Aterpeako lehendakari Miguel Angel Prietok zehaztu duenez, elkarteko kideek uztailaren 19an eta 20an jasoko dituzte kaxak, eta 21ean egingo dute zozketa, asteazkenarekin, Mirentxun.

Zer irabazi dezake kanpainan parte hartzen duten bezeroetako batek? Aterpeako komertzioetan gastatzeko 10 euroko ehun erosketa-txartel, alegia, 1.000 euro. Irabazleak uztailaren 28an xahutu beharko ditu bonu horiek, hiru ordutan, 17:00etatik 20:00etara. Aterpeako kide batek lagunduko du bezeroa, eta autoan joango da berak aukeratutako dendetara. "Establezimendu bakoitzean, asko jota, 100 euro gastatu ahalko ditu saridunak; horrela, bermatzen dugu gutxienez hamar negozio izango direla egitasmo honen onuradun".

Opari-txartelak

Prietok jakinarazi du zenbait komertziotan opari-txartelak emango dituztela beste egun batean gastatzeko: adibidez, ile-apaindegiek eta estetika zentroek. "Uztailaren 28an ez lioke denbora emango irabazleari".

Udalaren izenean Agustin Valdivia alkatea eta Nuria Fernandez Sozioekonomia saileko burua joan dira. Kanpainan parte hartzeko deia egin diete lasarteoriatarrei.

Erlazionatuak

Limusinan, herriko dendaz denda

Txintxarri Aldizkaria 2020 uzt 30 Ekonomia