Udalak 40.000 euro bideratuko ditu establezimendu berriak laguntzera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 15a, 12:11

Lasarte-Orian negozioak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileei bultzada eman nahi die Lasarte-Oriako Udalak. 2020ko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31ra arte horri ekin diotenek dirulaguntzak eskatu ditzakete. Aurreko urteetan "eskaera ugari" jaso dituela ikusita, udalak erabaki du poltsa handitzea: 40.000 bideratuko ditu, iaz baino 25.000 euro gehiago.

Agustin Valdivia alkateak eta Nuria Fernandez Sozioekonomia batzordeburuak aurkeztu dute dirulaguntza lerroa. Valdiviaren hitzetan, udalak bultzatu egin behar du ekintzaile berrien lana: "Tokiko merkataritza dinamizatzeko, funtsezkoa da horrelako negozioak egotea herrian". 

Aldaketak oinarrietan

Fernandezek nabarmendu du "ekintzaile ugarik" eskatzen dituztela dirulaguntzak urtero; "udalerriaren beharrak" aztertu ondoren, Sozioekonomia batzordeak erabaki du diru-partida handitzea: 40.000 bideratuko dituzte aurten lerro horretara, iaz baino 25.000 euro gehiago. "Apustu indartsua egin nahi dugu". 2020 betean lehertu zen koronabirusaren pandemia, eta udala "txundituta" geratu zen, egoera onena ez izanda ere, ekintzaile ugarik jo zutelako atea: "Lerro horretara bideratu genituen 15.000 euroak xahutu genituen; bederatzi establezimendu lagundu genituen". 

Sozioekonomia batzordeburuak aurreratu duenez, dagoeneko eskaera dezente jaso dituzte, baina oraindik egin ez dutenek, urriaren 31ra arte izango dute horretarako aukera. Iaz eta aurreko urteetan ez bezala, oinarrizko lerroaz gain, osagarri bat ere sortu du udalak.

1. lerroa

  • Eragin handiko gunearen barruko komertzioen gastuen %60 lagunduko du diruz udalak; gehienez, 1.500 euro.
  • Eragin handiko gunearen kanpoko establezimenduen gastuen %80 lagunduko du diruz udalak; 1.800 euro, asko jota.
  • Erretiroa hartu izanagatik itxitako negozio bat hartu duenaren gastuen %80 lagunduko du diruz udalak; gehien jota, 1.800 euro.
  • Negozio berriaren jabeak ezgaitasuna badu, gastuen %80 lagunduko du udalak; gehienez ere, 2.500 euro.
  • Jabeak 55 urte edo gehiago baditu, gastuen %80 lagunduko du udalak; gehienez, 2.500 euro.

2. lerroa (aurrekoen osagarriak)

  • 500 euro gehiago jaso daitezke egoera hauetan: ekintzailea emakumea bada, 30 urte edo gutxiago baditu, hamabi hilabete edo gehiago badaramatza langabezian edota 0 eta 12 urte arteko haurrak (gazteak desgaitasunen bat badu, 16 urtera arte) baldin baditu.
  • Coworking espazioak erabiltzeko laguntza: ekintzaileak Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko du, eta aktibitate ekonomikoa herri horretan garatu beharko du. Udalak 600 euroko laguntza emango dio, eta aukera emango dio hark nahi duen coworking espazioa aukeratzeko. Printzipioz, laguntza sei hilabetekoa da, egitasmoa martxan jartzeko proiektua gauzatzeko. Egitasmo hori gorpuztuko balitz eta enpresa bat sortuko balu, beste sei hilabeteko ekarpen ekonomikoa egingo luke udalak.

Fernandezek azpimarratu du bi lerro horietako laguntzen gehieneko kopurua 2.500 euro izango dela, eta udalak espero duela bideratutako diru guztia gastatuko duela. Soberan geratuko balitz, eskatzaileen artean banatuko luke, betiere kobratu duenaren %20 gainditu gabe.

Euskara "indartu"

Udalak diruz laguntzen dituen establezimendu berriak euskaraz (ere) errotulatu beharko dituzte jabeek. "Euskararen erabilera indartu nahi dugu komertzioetan; horrez gain, Sozioekonomia batzordera datozenei azalduko zaie Euskara batzordeak ere dirulaguntza jakin batzuk ematen dizkiola sektoreari", jakinarazi du Fernandezek. 

Agerraldia amaitu aurretik, Sozioekonomia batzordeburuak balioan jarri du dirulaguntza lerroa: "Bultzada garrantzitsua eman nahi diegu ekintzaileei, eta lagundu nahi dugu herrian establezimendu gehiago sortzen".