Ostalariak, merkatariak eta zerbitzu pertsonaletako enpresak laguntzeko, 400.000 euro

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 7a, 09:30

Udal korporazioak aho batez onartu ditu COVID-19ak "nabarmen" kaltetu dituen zenbait sektore laguntzeko ekarpen ekonomikoen oinarriak. Horiek aurkeztu dituzte Agustin Valdivia alkateak eta Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek. 

Koronabirusaren pandemiak herriko merkatariei, ostalariei eta zerbitzu pertsonaletako enpresei eragin dizkien kalteak arintzen saiatzeko asmoz, udal korporazioak dirulaguntza lerro baten oinarriak onartu ditu berriki. Agustin Valdivia alkateak eta Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek xehetu dituzte ekarpen horien nondik norakoak. 400.000 euro bideratuko ditu Lasarte-Oriako Udalak, eta kopuru hori guztia gastatu nahi du, zentimo bat bera ere ez geratzea soberan. 

Dirulaguntzen poltsa hori bi multzotan banatu dute: 180.000 euro ostalariak laguntzeko, eta 220.000 euro merkatariak eta zerbitzu pertsonaletako enpresak laguntzeko. Udalaren kalkuluen arabera, 90 bat tabernarik eta 280 dendak eta zerbitzu enpresak eskatuko dituzte laguntzak, baina estimazio horiek "aldatu egin daitezke", eta bi multzoetara bideratutako diru kopurua ere bai. "Demagun lerro bateko dirua amaitu egiten dela, eta bestean, aldiz, soberan dagoela; partida bat bideratuko genuke agortutako poltsa horretara, gure borondatea delako 400.000 euro horiek erabiltzea dirulaguntzetarako, ez gutxiago".

Arestian aipatutako sektoreetako profesionalek egindako eskaerei erantzuteko 400.000 euro horiek nahikoa ez balira, Valdiviak eta Fernandezek jakinarazi dute establezimendu bakoitzak diru gutxiago jasoko lukeela proportzionalki, nahiz eta uste duten halakorik ez dela gertatuko, udalak aurrez kalkulatu duelako balizko onuradunen kopurua.

Multzoak eta kopuruak

Dirulaguntzak emateko, eskaerak egiten dituzten negozioen diru-sarrerak konparatuko dituzte: 2020. urtean izandakoak, 2019. urtekoekin. Ostalariak laguntzeko 180.000 euroko poltsa prestatu du udalak, eta bi azpimultzotan banatzen da. 1A delakoa eskatu nahi duten tabernek eta jatetxeek frogatu beharko dute 2019an baino %40 edo diru gutxiago ingresatu dutela 2020an; establezimendu bakoitzak 2.000 euro jaso ditzake gehienez. 1B laguntzarekin, aldiz, lagunduko zaie pandemia garaian, eskaera eginda ere, terrazak jarri ezin izan zuten ostalaritza establezimenduei. Negozio bakoitzak 2.000 euro jaso ditzake asko jota. Udaleko Sozioekonomia batzordeburuaren hitzetan, bi azpimultzo horiek ez dira bateraezinak; bi laguntzak eskatu eta jasotzen dituenak 4.000 euro ingresatuko ditu.

Merkatariei eta zerbitzu pertsonaletako enpresentzako laguntza lerroan ez dute multzoen araberako sailkapenik egin. Esan bezala, 220.000 eurokoa da poltsa, eta eskatzaileek egiaztatu beharko dute haien diru-sarrerak jaitsi egin direla 2020an, 2019koekin alderatuta; %40 edo gehiago. Negozio bakoitzak, gehienez ere, 1.100 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du.

Multzo bateko zein besteko negozioek jasoko duten diru kopurua desberdina izatearen arrazoiak azaldu ditu Fernandezek: "Ostalariek jarduera erabat eten behar izan zuten zenbait astez; merkatariek eta zerbitzu enpresek, aldiz, murrizketekin, baina lanean jarraitu ahal izan zuten". 

Uztailaren 8tik 11ra 

Dirulaguntza lerroaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) gaur argitaratu dituzte, uztailaren 7an, eta bihar hasiko da eskaerak egiteko epea, eta 25 egun baliodun geroago bukatuko da, abuztuaren 11n, asteazkenez. Interesa dutenek presentzialki edo telematikoki burutu ahalko dituzte eskabideak. "Dokumentazio gutxi eskatuko diegu pertsona fisikoei zein juridikoei; oinarrizkoa", argitu du Agustin Valdivia alkateak. Horren gaineko xehetasun gehiago kontsultatu daitezke www.lasarte-oria.eus web orrialdean.

Alkatetza arduratuko da eskaeren ebazpenak egiteaz. Laguntzak eskatzeko epea bukatu eta 30 egun naturalera jakinaraziko ditu, gehienez. Indibidualak izango dira abisu horiek, eta horrez gain, udalaren web-orrian onuradunen zerrenda argitaratuko dute; bertan azaltzen diren negozioek ordainketa bakarrean jasoko dute ekarpen ekonomikoa. Negozio bakoitzak besteren konturako hamabost langile edo gehiago izan ditzakete.

Oinarriak, lankidetzan

Dirulaguntzen oinarriak aurkezteko egin duten agerraldian, Agustin Valdiviak eta Nuria Fernandezek eskerrak eman dizkiete udal korporazioa osatzen duten alderdi guztiei: "Talde guztien artean adostu genuen kaltetutako sektoreen egoera aztertzea, eta dirulaguntzen oinarriak horren arabera egitea; beti egin beharko genuke lan horrela". Batzordeetan adostutako oinarriei eragozpen txostena jarri zieten udal teknikariek, baina ekainaren 25ean egindako ezohiko udalbatzarrean altxa zuten hori.

Udal korporazioaren helburua da COVID-19ak zenbait sektoreri eragin dizkien kalte ekonomikoak arintzea. 2021. urteko aurrekontu orokorretan jaso zuten partida, eta orain jarriko dute martxan. Valdiviak eta Fernandezek zehaztu dutenez, Aterpea elkartearekin eta Ostalaritza Lasarte-Oria eragilearekin hitz egin du udalak, eta horren ostean, deialdia egitea erabaki dute. 

Alderdien balorazioak

Lasarte-Oriako udal korporazioak ekainaren 25ean onartu zituen ostalariak, merkatariak eta zerbitzu pertsonaletako enpresak laguntzeko dirulaguntzen oinarriak, aho batez. Horren aurretik, udal teknikariek jarritako eragozpen txostena altxa behar izan zuten.
Oinarriak onartzea adostu eta gero, korporazioko zenbait alderdik azalpenak eman zituzten. EAJ-PNV taldeak bat egin du dirulaguntzak martxan jartzearekin, baina kritiko azaldu da Udal Gobernuarekin: "Berandu onartu dira, eta berandu banatuko dira". Boris Nogales zinegotziaren hitzetan, korporazioak "laguntza oso garrantzitsuak" onartu ditu, baina jakinarazi behar du horiek irail erdialdean jasoko dituztela onuradunek, "baldin eta banaketa prozesuan beste eragozpenik ez badago".

Nogalesek azaldu du talde guztiek "aho batez" onartu zutela proposamena hasieran, eta handik gutxira udal teknikariek proposamen alternatiboa aurkeztu zietela, dirua banatzeko beste modu batekin: negozioaren sektorea aintzat hartu gabe, 2020ko eta 2019ko likidazioen konparazioen diru-sarrera faltaren arabera banatzea. "Planteamendu horrek zalantza asko sortu zizkigun; Udal Gobernuari hiru aldiz jakinarazi genizkion, baina horietako bakar batean ere ezin izan genuen haiei buruz eztabaidatzeko eseri". Sozioekonomia batzordeetan "zalantzak" plazaratu zituzten jeltzaleek, baina azkenean hasierako akordioa onartzea erabaki zuten, eta hasieran adostutakoa berrestea.

EH Bilduk ere alde bozkatu zuen. Ezohiko udalbatzar horretan azaldu zuenez, "nahitaezkoa" iruditzen zaio laguntza horiek onartzea eta sektore horiek bizi duten egoera "larriari" erantzun "azkarra" ematea. "Horretaz jabetzen gara, baina prozesua beste modu batean egingo genukeen, eta laguntza hau ildo estrategiko baten barruan txertatuko genuke". Koalizio subiranistak balioan jarri du Udal Gobernuaren elkarlanerako jarrera, "gainerako alderdien iritziak eta proposamenak entzun direlako". Edonola ere, uste du dirulaguntzen onarpenean izandako atzerapena ez dela onargarria: "Udal Gobernuari eskatzen diogu udalaren barne-antolamenduan dauden arazoei aurre egiteko".