Bakarkako lehen kanta sorta etxean aurkeztu du aRoak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 11a, 13:12

Aroa Lasa Letonak Banoa estreinako lan laburreko kantekin eta zenbait bertsiorekin osatutako kontzertua eman zuen atzo kultur etxean. 

Aretoaren erdia beteta topatu zuten herritarrak eta Gartxot Unsain musikariak Manuel Lekuona kultur etxeko agertokira irtetean. Bertatik, aulkien guneko ezer ikusten ez zutela onartu arren, ezagunen bat topatzeko gai izan ziren saioak aurrera egin ahala, zenbait keinuk erakutsi zutenez. 

Banoa osatzen duten bost abestiez gain, Unsainek berak egindako piezaren bat eta kanta ezagunen bertsioak egin zituzten ere. Berri Txarrak, Maroon 5, Sen Senra edota Beatlesen abesti bana, esaterako. Arramazka rock taldeko kideak bertan ez baziren ere, bere lehen abestia eskaini zien, hunkituta.

Oso modu soilean aritu ziren, hurbil eta goxo. Unsain oinutsik eta eserita; Lasak, berriz, eserita egoteko ahalegina egin bazuen ere, ez zuen lortu. Batera edo bestera abestea pentsatzean, aulkiaren aldeko erabakia hartu zuela onartu zien bertaratutakoei, hala ere,  zutik eta dantzan erosoago zegoen. 

Hasi aurretik urduri zegoela ere aitortu zien bertaratutakoei, kanta artean kontatu zizkien gauzen artean. Abestien arteko azalpenen bat eman zien, Joker, esaterako, izen bereko filma ikusi ondoren idatzi zuela, iradoki ziona eta sortu zizkion sentimenduak adierazteko beharrak bultzatuta. Lehengusuarekin erabakiak ere eztabaidatu zituen unean bertan, inor begira ez balute bezala. 

Ordubete zeramanean, amaitzeko unea gerturatzen ari zela ohartarazi zion publikoari. Baita mesede bat eskatu ere: bisik ez eskatzeko, horretarako abestirik prest ez baitzuten. 

 

 

Erlazionatuak

Kantuen bidez askatu ditu korapiloak

Txintxarri Aldizkaria 2021 uzt 09 Elkarrizketak