Donostia, 1984) musikari lasarteoriatarrak Banoa izeneko estreinako lan laburra plazaratu du, eta lan horrekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek, larunbat iluntzean (19:00etan) uztailak 10, Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko duen zuzeneko kontzertuan. Arramazka rock taldeko abeslari gisa ezagutuko duzue gehientsuenok Aroa, agian, baina, orain, pop estiloko doinuak sortu ditu eta bakarkako bideari ekin dio. Plazaratu duen azken lanaz eta larunbatean emango duen kontzertuaren inguruan galdetu dio txintxarri aldizkariak.
COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz iritsitako konfinamendu garaian idatzi zituen hainbat abesti Aroak. Paperean zituela, Gartxot Unsain musikariari eta lehengusuari bidali zizkion, eta, kontatu du, hark animatuta eutsi ziola hezurmamitu berri den Banoa proiektuari: "Maiz elkarbanatzen ditugu sortzen ditugun kantuak, eta berak animatu ninduen kanta solteez harago, zerbait osoagoa sortzera". Hala, "aukera ederra" iruditu zitzaion Gartxot bezalako sortzaile batekin berriro ere "musikarekin nahasteko". Aipatu du "aitzakia" bat ere bazela, lehengusuak elkarrekin egon eta bizitzaz hitz egiteko, euren "mobidetaz".
Bost abestirekin osatutako EP bat izan da lehengusuen arteko lanaren emaitza, eta azaldu duenez, prozesua "oso naturala eta erraza izan da". Kanta batzuen oinarria bazuen Lasak, baina hutsetik musikatzea, soinuekin esperimentatzea, ahotsaren kalitate ezberdinekin jolastea, eta abar, "oso interesgarria" izan dela azpimarratu du: "Asko ikasi dut". Lanaren ekoizpenaz Gartxon Unsain arduratu da, Aroaren lehengusua, eta masterizazio lanak, berriz, Beñat Antxustegik egin ditu.
Abestien letrak
Aurrez aipatu bezala, bost abestiz osatutako lana sortu du lasarteoriatarrak, eta hauek dira kantu horien izenburuak: (E) negarrenez hegoak, Zer naiz?, aRo berri, Joker eta Banoa. Eta hain zuzen ere, abesti horien letren inguruan galdetuta, azaldu du joatearen prozesuan sentitzen dituen zirrara ezberdinak ageri direla horietan.
Hain zuzen ere, EPko azken kantuaren izen berak –Banoa– ematen dio izenburua lan osoari ere. Azaldu du pertsona batek "ez-lekutik", norbere behar eta desiretatik aldentzen dituen dinamika batetik joaten denean egiten dituen hausnarketak biltzen dituela: "Korapiloak askatzeko eta horiei flow pixka bat jartzeko balio izan dit Banoa-k eta lan horren sortze prozesuak".
Nora doan jakin gabe
Lanaren izenburuari erreferentzia eginda, nora ote doan galdetu dio aldizkariak musikariari, eta beste galdera batekin erantzun dio: "Hori ba ote daki norbaitek?". Ziurtatu du berak ez dakiela nora doan, baina, argi du utzi duen lekuan ez duela egon nahi, baizik eta bere baitan egon: "Hori jakinda gustura nago, ez dut gehiago behar. Horrek nora eramango nauen? Bada, deskubrituko dut".
Oso pozik agertu da larunbatean Manuel Lekuonan, herrian eskainiko duen kontzertuarekin. Azaldu du Banoa-rekin ez zuela "inolako pretentsiorik": "Ez nekien argitaratuko nuen ere, eta, ez nuen inondik inora zuzenekorik buruan". Sentitu zuen, ordea, "temazoak" sortu zituztela, eta, argitaratzeko gogoa sentitu zuenean, hala egin du. Sentimendu bera izan du zuzeneko emanaldiekin ere: "Hasieran zalantza nuen kontzertuekin, gero gogoa, eta, azkenean, begira, larunbatean hortxe izango naiz". Ia lau urte daramatza zuzeneko emanaldirik eskaini gabe, eta pozarren dagoen arren, aitortu du sentimendu nahasiak ere badituela: "Auto-exigentzia eta zirrararen arteko nahasketa arraro bat dut barruan".
Lasak aurreratu duenez, akustikoan arituko dira asteburu honetako emanaldian, "oso modu soilean". Uste du "oso zuzeneko potentea" dutela. Gainera, Gartxot lehengusuarekin joko duen lehen aldia izango dela ere azaldu du, eta "puntazoa" dela musikariarentzat lehen aldi hori Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan izatea. Iragarri du hantxe hustuko direla.