Asteon gertatutako bi eraso matxistak gaitzetsi ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021eko uztailaren 2a

Lasarte-Oriako Udalak elkarretaratzea burutu du gaur eguerdian Okendo plazan, asteon herrian gertatutako bi eraso matxistak gaitzesteko. Biktima izan diren emakumeek salaketak aurkeztu dituztela jakinarazi du udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du ekitaldiarekin; kontzentraziora etorri da Berdintasuneko foru diputatu Miren Elgarresta.

15 minutuko isilunea egin ondoren, adierazpen instituzionala irakurri du Agustin Valdivia alkateak. Honela dio:

"Lasarte-Oriako Udalak gogor gaitzesten ditu astelehenean, hilak 28, eta asteartean, hilak 29, Sasoeta auzoan eta Donostiako Hipodromoan izandako eraso sexistak.

Emakumeenganako edozein eratako bortizkeria (fisikoa, ekonomikoa, sexuala...) funtsezko giza eskubideen kontrako bortxaketa eta urraketa bat da. Halaber haien senitartekoentzat, ahalik eta babes eta aitorpen publiko eta instituzional handiena behar baitute estigmatizazioari aurre egiteko eta, guztion laguntzarekin, aurrera ateratzeko.

Horregatik, Lasarte-Oriako Udalak gaitzespenez arbuiatzen du emakumeen kontrako bortizkeria matxistako edozein ekintza.

Era berean, gogorarazten du, instituzio publikoen lana ez ezik, herritar guztion lana dela indarkeria horrek gure gizartean lekurik eta justifikaziorik ez izatea, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu berdintasuna eta errespetua lantzera eta aldarrikatzera.

Alde horretatik, udal honek babesa eman nahi dio mugimendu feministari, egunero lan egiten baitu indarkeria matxista salatzeko eta emakume izateagatik jasandako mota guztietako erasoak gaitzesteko.

Lasarte-Oriako Udalak beti eskainiko die babes osoa bortxa jasandako emakumeei nahiz haien familiei, eta eskura jarriko dizkie Zerbitzu Sozialak, Berdintasuna, Kooperazioa eta Osasuna departamentuak dituen baliabideak.

 

Txalo artean bukatu da elkarretaratzea. Ondoren, hedabideei egindako adierazpenetan, Lasarte-Oriako udaltzainen lana eskertu du alkateak, herrian gertatutako erasoetan parte hartzeagatik: "Ustezko erasotzaileak azkar identifikatzea ahalbidetu du horrek".

Erlazionatuak