Omenaldi xumea eta hunkigarria

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 29a, 18:29

Felixi Tapiak eta Patxi Manchado herritarrek omenaldi txikia jaso dute gaur, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Ttakun Kultur elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz antolatzen dituen 'Gure Patxintxiak' sarietako irabazleak izan dira eta familian jaso dute saria.

Aurten ez da txupinik izan, ez da San Pedro Jaietako omendutik izan. Baina Ttakun Kultur elkarteak eta Udalak 65 urte baino gehiago duten gure herritar maitagarriei omenaldia egin diete Gure Patxintxi sarien bitartez.

Lehia handiaren ostean, Felixi Tapia eta Patxi Manchado izan dira 2021. urteko zortekoak. Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan jaso dute  oroigarria euren gertuko eta ezagunen artean.

Bea Egizabalek zuzendutako ekitaldian Tapia eta Manchadoren bizitzako hainbat pasarte ezagutu ahal izan dituzte bertaratutakoek. Bi omenduek gogoz hartu dituzte aurkezlearen hitzak eta eurek ere hartu dute hitza momentu batzuetan. Momentu hunkigarriak, aldarrikapen uneak, barreak, algarak... denetarik izan da, baita bi omenduei zuzendutako txaloak ere.

Saria banatzeko ordua iritsi denean, Tapiak bere biloba eta EH Bilduko zinegotzi den Jon Martinen eskuetatik jaso du oroigarria; Manchadori, berriz, Lasarte-Oriako Agustin Valdivia alkateak jantzi dio txapela.

Bi omenduak esker hitzak izan dituzte eurengatik bozkatu dutenei eta Ttakun Kultur Elkarteak ere eskerrak eman dizkie lehia txiki honetan parte hartu duten guztiei.

Ekitaldi ofiziala amaitu ostean, txapela eta familiarekin argazkia ateratzeko tartea iritsi da.