San Pedro Jaietako eragileak

Erketz EDT: "Aurtengo jaiak ahal bezala ospatu eta datorren urterako indarrak gorde"

Nerea Eizagirre 2021eko ekainaren 28a

Erketz EDTko dantzariak, San Joan bezperako soka-dantzan.

Azken bi urteetan, Erketz EDTko kideek ezin izan dute jaietako aurrekari den emanaldirik antolatu. Ikasturtean zehar, helduen taldeak ez du ia entseatzeko aukerarik izan; dantza eskolak, berriz, bere jarduna mantendu du. San Joan bezperako soka-dantzarik ere ez dute dantzatzerik izan, baina datorren ikasturtean emanaldiak "normaltasunez" eskaini ahal izatea espero du taldeak

Aurten ere ez da San Pedro Jairik egongo. Ekintza kulturalak izango dira ekaina eta uztailean zehar, harritu al zaituzte udalaren erabakiak?

Ez, zuhurtziaz jokatu behar da egoera gainditu ahal izateko.

Ikasturte amaierako dantzaldia ezin izango duzue egin...

Taldea nahiko geldirik egon da orokorrean. Ikasturte hasieran hiruzpalau entsegu egin genituen, baina neurriak murriztu ahala bertan behera utzi behar izan genituen. Dantza talde amateur gisa helduek entseguei berriz ere heldu ahal izan genienerako, gure proiektu nagusi izan ohi den San Pedrotako emanaldia antolatzea ezinezko izan zitzaigun.

Dantza-eskolari dagokionez, martxan aritu da. Geldialdia egin azaro-abendu inguruan, baina urtea hastearekin batera, entseguak hasi genituen eta ikasturte amaierako emanaldi gisa "entsegu ireki" bat antolatu genuen.

San Joan suko soka-dantza dantzatzea ere ez da posible izan. Baina San Pedro eguneko meza nagusian egongo zarete, ezta?

Iaz ere hala egin genuen, eta aurten berriz ere herri mezan parte hartuko dugu.

Beste ekimenik egitea aztertu duzue?

Bai, ikasturte amaierarako bestelako ekitaldiren bat prestatzea pentsatu genuen, baina osasun neurrien gorabeheran dena bertan behera geratu zen.

Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei bigarren sanpedro berezietan?

Bizi dugun egoera ikusita, aurtengo jaiak ahal bezela ospatu eta datorren urterako indarrak gorde ditzatela.

Aukera hau aprobetxatuz, datorren ikasturtea gurekin dantzan hasteko gonbitea luzatzen diegu!

Erlazionatuak

San Joan Sua Andatza plazan

Beñat Lizaso Garcia 2020 eka 23 Kultura

San Joan Sua Andatza plazan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 23 Kultura