GURASOLANDIA

Haur eta guraso, euskaraz eroso

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 25a, 14:00

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarrekin kudeatzen dute Gurasoleku izeneko egitasmoa. Horren barruan sartzen dira Gurasotegi, Gurasolandia eta Gurasolagun. 2020-2021 ikasturtean adar berri bat sortu dute, Trukelandia izenekoa

Gurasoleku egitasmoaren xedea euskararen transmisioa indartzea da, kasu honetan, familien bidez. Kideei ikusarazi nahi zaie oso garrantzitsua dela familiartean euskaraz hitz egitea hautatzea. Horren barruan kokatzen dira Gurasotegi, Gurasolandia eta Gurasolagun. Lasarte-Oriako Udalak, Muntteri-AEK euskaltegiak (honek, Gurasotegi) eta Ttakun Kultur Elkarteak kudeatzen dituzte horiek guztiak, elkarlanean. Proiektua berri samarra da, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da Lasarte-Orian. Mahai inguru bat eratu da, gaia lantzeko: Udaleko Euskara Zerbitzua, Ttakun KE, Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri-Garaikoetxea ikastetxeak eta bietako guraso elkarteak, Andre Joakina Enea haurreskola, eta Muntteri-AEK biltzen dira.

2020-2021 ikasturtea ezohikoa izaten ari da, eta antolatzaileentzat ez da erronka makala izan aipatu proiektu horiek guztiak burutzea. Gurasolandian, aisialdia hartuta abiapuntutzat, euskara lantzeko espazioak bideratzea da helburua, haurrak eta gurasoak bertan jolas daitezen, euskaraz. 2019-2020 kurtsoan, pandemia lehertu zenean, 2 eta 5 urte adin tarteko parte-hartzaileen (haurren eta familien) arteko harremana mantendu egin zen, eta jarduera oso entretenigarriak egin zituzten.

Hori aintzat hartuta, "zalantzaz beteta" hasi zuten aurtengo ikasturtea antolatzaileek, baina hilabeteak aurrera joan ahala, guztiak uxatu dituzte. Amaierara iritsi ostean, balorazioa egin dute: "Ehunka lagunek parte hartu dute astero; inplikazioa bikaina izan da". Hori guztia biribiltzeko, ekainaren 26an burutuko dute azken ekintza, parte hartu duten familia guztiekin batera: txorientzako hazitegiak egin eta herrian barrena jarriko dituzte.

Adar berria, Trukelandia

Gurasolandia egitasmoari adar bat gehitzea erabaki dute Ttakun KEk eta udalak: Trukelandia. Izenak berak adierazten duenez, trukean oinarritutako egitasmoa da. 2 eta 5 urteko haurrentzat eta haien gurasoentzat. Hilabetean behin, Gurasolandiako hitzordua baino bi aste geroago, modu autonomoan hiru familia elkartu, eta bakoitzak ezagutza bat partekatuko du besteekin. Irakatsiko duten hori, askotarikoa izan daiteke: errezetak, esperimentuak, abesti jolasak, ipuinak... Martxoan aurkeztu zuten proiektua kultur etxean, Porrotx pailazoaren laguntzarekin. Adar berri horretako bi saio egin ditu familia bakoitzak, eta "gustura" aritu dira denak.

Gurasolandia egitasmoan parte hartzen dute ere 0 eta 2 urte arteko haurrek eta haien familiek. 2020-2021 ikasturterako zortzi saio programatu zituzten Ttakunek eta udalak, eta guztiak egin ahal izan dituzte. Ekintzak, oro har, horrela egiten dira: zertzuk gai landuko diren erabaki eta gero, horietan espezialistak diren adituak gonbidatzen dira herrira, gurasoek horien gaineko formakuntza jaso dezaten. Normalean, tailerrak edo hitzaldiak izaten dira. Antolatzaileek azpimarratu dute "oso arrakastatsua" izan dela familien erantzuna. "Gurasoek asko estimatu dute egitasmoa; haien kezkak plazaratu dituzte, eta ideiak elkarbanatu dituzte parte-hartzaileen artean". 

Erlazionatuak