Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.725 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan zazpi positibo diagnostikatu dituzte asteazkenean: lau Hernanin, bi Lasarte-Orian eta bat Andoainen. Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen ez dute kasurik atzeman. Grafikoan ikus daitekeenez, udalerri horietako hiru eremu berdean daude, eta horian beste hiruak.
EAEko hiru lurralde historikoetan 175 kutsatze detektatu dituzte ekainaren 23an; horietatik 52, Gipuzkoan. 6.786 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; positibotasun-tasa %2,6 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasa 105,88 da, bezperakoa baino bi puntu baxuagoa.
Osakidetzako ospitaleetan ehun pertsona daude ingresatuta; horietatik 35ek sintoma larriak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Asteazkenean hemeretzi pertsona erietxeratu dituzte koronabirusagatik.