COVID-19

Eremu berdera gerturatzen ari da Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 23a, 13:07

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ekainaren 22ko datu epidemiologikoak bildu, eta txostena argitaratu dute. Asteartean kasu bakarra baieztatu dute Lasarte-Orian. Koronabirusaren intzidentzia gero eta baxuagoa da gure herrian, eta tasa eremu berdetik gero eta gertuago dago; 84,01 da. 

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.723 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Hiru kutsatze eskualdean

Astigarragan, Hernanin eta Lasarte-Orian kasu bana atzeman dute asteartean. Andoainen, Urnietan eta Usurbilen, aldiz, bakar bat ere ez. Beterri-Buruntzako hiru herri eremu berdean daude, eta horian beste hiruak, baina 60ko mugatik gero eta gertuago.

EAEko hiru lurralde historikoetan 187 positibo detektatu dituzte ekainaren 22an; horietatik 70, Gipuzkoan. 6.716 PCR eta antigenoen proba egin dira; positibotasun-tasa %2,8 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasa hiru puntu jaitsi da astelehenekoarekin alderatuta; 108,74 da.

Osakidetzako ospitaleetako plantetan 68 pertsona daude erietxeratuta, eta ZIU unitateetan, sintomak larriagotuta, 40. Asteartean hemezortzi paziente ospitaleratu behar izan dituzte koronabirusagatik.

Erlazionatuak

Talde immunitatearen faktoreak

Elhuyar/Teknopolis 2021 eka 22 Gizartea