Limusinan, herriko dendaz denda

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 11:14

Asteazken arratsaldean gastatu dituzte Aterpearen 'Eskuratu 1.000 euro!' kanpainako irabazleek erosketa bonuak. Zazpi saritu izan dira aurten; horietako lauk 250 euroko bonu bana irabazi dute, beste bik 500 eurokoak eta, azkenak, 1.000 eurokoa

Arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 20:00ak arteko tartea izan dute, asteazken arratsaldean bost lasarte-oriatarrek, Aterpearen Eskuratu 1.000 euro! kanpainako erosketa bonuak gastatzeko. Ordu horretarako Okendon bildu dira sarituak eta Aterpeako kideak, eta zain zeukaten baita ere luxuzko auto zuria ere. Horretan sartu eta herrian barrena ibili dira, hiru orduz diruak xahutzen.

Erosketak hasi aurretik, Aterpea merkatarien elkartearen izenean, Ramon Ormazabalek hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu duten lasarte-oriatar guztiei. Udalari ere zuzendu dizkio hitz batzuk; eskertu die herriko merkataritza sustatzeko kanpaina babestu izana. Azkenik, saritutako herritarrei zuzendu da. Zoriondu egin ditu eskuratutako sariengatik, eta herriko komertzioetan erosketa "kontzienteak eta arduratsuak" egitera animatu ditu.
Nuria Fernandez Soziekonomia batzordeburuak hartu du hitza. Honek ere herritarrak eta Aterpeako kideei eskerrak eman dizkie, lehenei herrian kontsumitzeagatik, eta elkarteari, berriz, herriko komertzioa sustatzeko egiten duten lanagatik.

Hitzartzeak amaituta, banan-banan sarituak deitu dituzte, eta merkatarien elkarteko kideen eskutik, erosketa bonuak jaso dituzte. Sari txikienetik handienera deitu dituzte. Angeles Carabias, Yoko, Marcelina Martinez eta Cristina Notario izan dira saria jasotzen lehenak, eta bakoitzak 250 euroko erosketa bonu bana jaso dute.

Horien ostean, 500 euroko bi bonuak banatu dituzte, eta Jose Iglesias eta Lierni Arozena izan dira sarituak. Azkenik, 1.000 euroko bonua entregatu diote Juan Jesus Criadori. Sari guztiak eskuetan zituztela, luxuzko autoan sartu dira, eta erosketei ekin diote.  

Hiru orduz, komertzioz komertzio
Iluntzeko 20:00ak bitarteko tartea izan dute sosa guztiak xahutzeko, eta hala egin dute. Aterpeako kide batek eta argazkilari batek lagunduta ibili dira herritik, dendaz denda, eta Okendon eman diote amaiera arratsaldeari.
Baldintza bakar bat hartu behar izan dute kontuan erosketak egiterakoan, establezimendu bakar batean 100 euro baino gehiago ez gastatzea; hortik aurrera libre.