Hainbat erlijiok beroien koloreak hautatzen dituzte sineskerietarako. Kristauek zuria erabiltzen dute garbia, aratza, birginala adierazteko; kristoren izara santua, ezkongaiaren soineko zuria, Vatikanoko ke zuria… Budismoan, berriz, laranja kolorea da ezaugarrietako bat, maila goreneko perfekzio eta jainkotasuna adierazteko.
Gaur egungo elikadura osasungarrian, hiru hauts zurien mamua darabilgu atzetik: azukrea, gatza eta irina debekatzen dizkio medikuak berehala edonori. Eta aitzitik, debekatuta dauden hauts zurien zurrunbiloan dabilen asko dago mamuren bat ikusi nahirik.
Dirua ere koloretakoa da. Ez dakit sekula ikusi dudan, baina ba omen daude billete moreak. Aberatsek omen dituzte, nahiz eta diru beltza nahiago izan gero zuritu ahal izateko.
Politikarien artean, azken urteotan “transparentzia” da denen ahotan dabilen hitza. Ez dute ezer ezkutuan gorde nahi; dena argi eta garbi, garden erakutsi nahi dute, nahiz eta gero zurikeriatan ibili.
Langileen artean ere bada kolore desberdintasunik. Badira langileak lana beltz egiten dutenak, goizetik gauera ia atsedenik gabe. Badira beste batzuk, ordea, zenbateko lana egiten duten maiz esan eta kolperik jotzen ez dutenak, langile zuriak alegia.
Hasierako albistearen ildoari jarraiki, gizakion artean ere badira albinoak. Afrikan, adibidez, garai batean gaizki ikusiak, setiatuak eta hiltzera kondenatuak zirenak, gaur egun, zorte ona eta onura ekar dezaketela sinetsirik, gorputz zatiak mozten dizkiete amuleto gisa erabiltzeko. Kasu honetan, naturak ez du bere hautua eta bidea egiten. Zenbat dugun ikasteko!