COVID-19

Lau kasu baieztatu dituzte Lasarte-Orian asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 14:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ekainaren 16ko datu epidemiologikoak bildu dituzte, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, lau kutsatze baieztatu dituzte asteazkenean Lasarte-Orian, bezperan baino lau gehiago. Intzidentzia-tasa metatua 157,52 da, eta ekainean, orain arte, 34 kasu erregistratu dituzte gure herrian.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.720 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Bost positibo eskualdean

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan bost positibo detektatu dituzte asteazkenean: lau Lasarte-Orian, eta bat Astigarragan. Andoain eta Hernani eremu berdean daude; beste lau herriak, horian.

EAEko hiru lurralde historikoetan 190 kasu atzeman dituzte asteazkenean; horietatik 38, Gipuzkoan. 7.692 PCR eta antigenoen proba egin dituzte positibo berriak atzemateko, eta positibotasun-tasa %2,5 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasa metatuak jaisten jarraitzen du; 132,74 da. LABI batzordea bihar bilduko da, indarrean dauden osasun neurriak berrikusteko. Zenbait moldatzeaz gain, beste batzuk arintzeko aukeraren berri eman zuen Iñigo Urkullu lehendakariak maiatzaren 31n. Horiek indarrean sartzeko baldintzetako bat adierazle hori 150 baino baxuagoa izatea zen.

Osakidetzako ospitaleetan 69 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; sintoma larriagoak dituzte horietatik 53k, eta ZIU unitateetan daude. Asteazkenean hamar paziente erietxeratu behar izan dituzte, COVID-19a tarteko.

Erlazionatuak

Positibo berririk ez asteartean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021 eka 16 Gizartea

Asintomatikoak

Elhuyar/Teknopolis 2021 eka 15 Gizartea