Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.716 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Positibo berririk ez eskualdean
Asteartean ez da kutsatzerik detektatu Beterri-Buruntza eskualdean. Udalerri gehienak eremu horian daude Hernani izan ezik; gune berdean dago herri hori.
EAEko hiru lurralde historikoetan 146 positibo diagnostikatu dituzte; horietatik 35, Gipuzkoan. 7.236 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kasu berriak atzemateko; positibotasun-tasa %2 da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasak jaisten jarraitzen du: 137,79 da gaur-gaurkoz. Indarrean dauden azken neurrien aldaketak iragarri zituenean, Iñigo Urkullu lehendakariak honakoa jakinarazi zuen: LABI batzordeak aztertu egingo zuela neurri gehiago arintzea, adierazle hori 150 baino baxuagoa bazen. Ikusteke dago hala izango den ala ez.
Osakidetzako ospitaleetan 84 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusagatik; horietatik 54k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Asteartean 23 paziente erietxeratu behar izan dituzte.