COVID-19

Kasu bat atzeman dute Lasarte-Orian astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 15a, 13:02

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ekainaren 14ko datu epidemiologikoak bildu dituzte, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, astelehenean kasu bat baieztatu dute Lasarte-Orian, bezperan bezainbeste. Intzidentzia-tasa metatua 157,52 da. Ekaina hasi zenetik 30 positibo zenbatu dituzte gure herrian.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.716 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Hernani, eremu berdera

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan bost kutsatze diagnostikatu dituzte astelehenean: bina Astigarragan eta Usurbilen, eta bat Lasarte-Orian. Herri horietako intzidentzia-tasa metatu gehienek jaisten jarraitzen dute; Hernani, esate baterako, eremu berdera igaro da.

EAEko hiru lurralde historikoetan 142 positibo baieztatu dituzte astelehenean; horietatik 35, Gipuzkoan. 8.006 PCR eta antigenoen proba egin dira kutsatze berriak atzemateko; positibotasun-tasa %1,8 izan da. Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasa 146,52 da, bezperan baino bederatzi puntu baxuagoa. Gipuzkoakoa ere jaisten ari da; tasa 137,13 da gaur-gaurkoz.

Osakidetzako ospitaleetan 96 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; sintoma larriak dituzte horietatik 59k, eta ZIU unitateetan daude. Ekainaren 14an 30 paziente erietxeratu behar izan dituzte.

Erlazionatuak

Asintomatikoak

Elhuyar/Teknopolis 2021 eka 15 Gizartea