Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.715 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Eskualdean 11 kasu
Beterri-Buruntzako herrietan 11 kutsatze baieztatu dituzte ekainaren 11tik 13ra: bost Urnietan, hiru Astigarragan, bi Andoainen eta bat Lasarte-Orian. Ez dute positiborik detektatu Hernanin eta Usurbilen. Sei udalerri horiek eremu horian daude gaur-gaurkoz, 60 eta 299 arteko intzidentzia-tasa metatuekin.
Koronabirusaren transmisio indarrak ahultzen jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, intzidentzia-tasa metatua gero eta apalagoa baita: gaur-gaurkoz, 155,70.