XIX. ANTZERKI ETA DANTZA JAIALDIA

Asteburu honetan itxiko du ikasturtea Kukukak, jaialdiarekin

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 14a, 16:00
Kukukako ikasle talde bat, apiril amaierako Dantzaren Nazioarteko Eguneko ospakizunetan.

Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak iragarri du ekainaren 18an eta 19an burutuko dituela kurtso amaierako emanaldiak, Oriarte Landaberri ikastetxeko patioan. Hamabostaldia egin ohi dute data hauetan, baina COVID-19ak eragindako egoera tarteko, egitaraua aldatu eta murriztu behar izan dute. 350 eserleku jarriko dituzte herritarrentzat. Beharrezkoa izango da aurrez hitzordua hartzea, telefono zenbaki honetara deituta: 655 84 73 45. Ikasleen familiek lehentasuna izango dute.

Koronabirusa tarteko, hamabostaldia izan ohi dena jaialdi bihurtu behar izan du Kukuka eskolak. Edonola ere, emanaldi ederrak eskainiko dituzte 2020-2021 kurtsoan zehar bertan ikasi duten ikasleek, XIX. Antzerki eta Dantza jaialdian. Lasarte-Oriako Udalaren eta Oriarte institutuaren laguntzarekin, honako egitaraua prestatu du Kukukak:

Ekainak 18, ostirala, 19:00etatik aurrera

  • Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara arteko ikasleek, antzerkia zein zirkua landu dituztenek, emanaldiak eskainiko dituzte.

Ekainak 19, larunbata, 12:00etatik aurrera

  • Talde hauek ariko dira Oriarte Landaberrin: euskal dantza, euskal dantza sorkuntza eta dantza garaikidea.

Ekainak 19, larunbata, 17:00etatik aurrera

  • Antzerki taldeek eskainiko dituzte emanaldiak; DBH mailakoek aurrena, eta helduek gero.
Erlazionatuak

Kukuka eskolako euskal dantzako taldea

Txintxarri Aldizkaria 2021 api 30 Kultura