Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatu du Lasarte-Oriak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko api. 30a, 12:47

Koronabirusak eragindako egoera eta euria ez dira oztopo izan, eta emanaldi koloretsuak eskaini dituzte Amaia Gonzalez Caballero akademiako ikasleek, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak eta Semblante Andaluzek Oriarte Landaberri BHI eraikineko patioan.

Gozatu ederra hartu dute ostegun arratsaldean Oriarte Landaberri BHIko patiora gerturatu diren 200 ikus-entzuleek. Ezohiko garai hauetan ezohiko neurriak hartu behar direnez, desberdina izan da emanaldia, baina nostalgikoenek pandemia lehertu garaiak ekarri dituzte gogora, eta bihotzak goxatu ahal izan dituzte ordubetez, eserlekuetatik altxa ezinik, baina beso eta hankak mugitzen; Amaia Gonzalez Caballeroren akademia, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola eta Semblante Andaluzen erritmoak jarraitu dituzte.

Emanaldi-sortak amaitzean, ekitaldian parte hartu duten elkarteetako ordezkariek Friedman Vogel koreografo alemaniarrak idatzitako manifestua irakurri dute, euskaraz zein gaztelaniaz. Apirilaren 29an ospatzen denez Dantzaren Nazioarteko Eguna, urtero-urtero artista bat arduratzen da diziplina horri buruzkoak hitzen bidez adierazteaz.

Erlazionatuak

Kukuka eskolako euskal dantzako taldea

Txintxarri Aldizkaria 2021 api 30 Kultura