UDALBATZARRA

Mamitsuena, galdera eta erreguen txanda

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 14:13

Ordubete irauten duten ohiko pleno saioak motzak direla esan daiteke. Ekainekoa hala izan da, baina are laburragoa izan zitekeen galdera eta erreguengatik izan ez balitz. Alderdietako kideek kontu ugari plazaratu zituzten, Udal Gobernuak erantzun zitzan. Besteak beste, hauek: udalbatzarretara herritarren asistentzia bermatzea, kale hezitzaileen kontratazioak eta ostalari, merkatari eta zerbitzu pertsonalei bideratutako udal laguntzak.

Gai ordenari ekiteko, honakoa jakinarazi du alkateak: Parte-hartze batzordeko lehendakari izateari utzi diola Lourdes Acevedok, eta Nagore Duranek hartu duela lekukoa. Bigarren puntuan, Udalaren Udako Txokoen gainean jardun dira. Zenbait tasa moldatu dituzte, eta horrekin batera, zehaztu dute zer gertatuko den erabiltzaile batek zenbait egunez joan ezin badu (COVID-19agatik): behar bezala justifikatzen badu, falta izan den egun horien zati proportzionala itzuliko zaio erabiltzailearen familiari.

ELOPen mozioari, proposamen alternatiboa

Elkarrekin Lasarte-Oria Puede udal taldeak mozio bat eraman zuen ostegun arratsaldeko saiora, eskaera batekin: Udalarenak diren instalazioetan karbono dioxidoa neurtzeko aparailuak jartzea, aireztapen maila zehazteko, eta batez ere toki itxiak egurastu behar diren jakiteko. "Orain arte uste izan da Koronabirusa transmititzeko bide nagusia airea zela, listu jariakinen bidez. Halere, estatistikek gezurtatu egin dute uste hori, eta kalkulatzen dute kutsatzeen %85a aerosolak leku itxietan luzaroan egotearen ondorioz gerta daitezkeela", argudiatu zuen alderdiaren bozeramaile David Aresek. Horrekin batera, Udalak dituen babes-protokoloetan COVID-19a aerosol bidezko transmisioaren informazio eguneratua gehitzeko eskaera egin diote Udal Gobernuari.

Proposamena ez zen aurrera atera, EH Bilduk eta ELOPek alde bozkatu arren, PSE-EEk eta EAJ-PNV aurka azaldu zirelako. Mozio alternatiboa aurkeztea adostu zuten jeltzaleek eta sozialistek. EAJ-PNVren bozeramaile Jon Antxordokiren hitzetan, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien artean adostutakoa zertxobait moldatu, eta hori eraman zuten udaletxeko pleno saiora. Proposamenean jaso dituzten puntuen artean, honako hau dago: Udalak, bere eskumenen barruan, espazio itxiak aireztatzea gomendatu eta sustatuko duela. Lourdes Acevedok (PSE-EE) jakinarazi zuenez, Udalak garatutako lan-arriskuen protokoloa garatu zuten teknikariek ez zuten beharrezkotzat hartu CO2 emisioak neurtzeko aparailuak instalatzea eraikin munizipaletan. "Hori egitea gomendatuko baligute noizbait, aurrekontuetan jasoko genuke inbertsioa, eta neurgailuak jarriko genituzke". 

Bi alderdi horiek aurkeztutako mozio alternatiboa aho batez onartu zuen korporazioak, baina ñabardurekin. David Ares (ELOP): "Proposamen horretan jasotzen dena guk esan dugu, eta aurka ez dugu egingo, baina gure mozioa osoagoa da, Lasarte-Oriara egokitzen dena; legebiltzarrean adostutakoa hona ekartzea ez da ezertarako loteslea Udalarentzat".

Galdera eta erreguak

ELOP,ek EAJ-PNVk eta EH Bilduk galdera eta erregu ugari egin zizkioten Udal Gobernuari. Lehenengoek Zapategi kalean alokairu sozialean bizi diren familiei buruz galdetu zuten; ea Gizarte Zerbitzuetako langileak hasi diren haien kasuak aztertzen. Lourdes Acevedo batzordeburuak adierazi zuenez, lauzpabost familiarekin lanean hasi dira honezkero, "premia handiena" dutenekin (52 dira guztira). Udalbatzarraren asistentzia presentzialaren gaia ere plazaratu zuen David Ares bozeramaileak, alarma-egoera amaitu dela-eta, jakiteko Udal Gobernuaren asmoa zein den. Agustin Valdivia alkatearen hitzetan, egoera "normaltasunera" itzuli arte ez dute horrelakorik aztertuko.

EAJ-PNV "oso arduratuta" dago kale hezitzaileen kontratazioen aferarekin, eta horren gainean galdetu zion Udal Gobernuari. "Langile horiek ez dira beharrean ari, eta hori gure herriko nerabeek nozitzen dute". Lourdes Acevedo sozialistak eman zien kontratazioaren prozesuaren berri: bi bilera egin dituztela; kontratuak 15.000 eurora artekoa izan behar zuenez arazoak izan zirela enpresa eskatzaileekin, irabazi asmorik gabekoekin batez ere (BEZa ordaindu behar zuten, ez...); arazo hori konponduta, bigarren aldian aurkeztu ziren enpresei 24 ordu eman zitzaizkiela, eta orain esan diotela hori ilegala izan zela. Hala berretsi zuen Xabier Egea idazkariak, jeltzaleek azalpenak emateko eskatu eta gero. "Ez zait iruditzen bidezkoa denik bigarren eskaerara aurkeztu ziren enpresei 24 ordu ematea, eta lehenengoan ere aurkeztu zirenei gehiago".

EH Bilduk, galdera eta erreguak plazaratu aurretik, bat egin zuen jeltzaleen ardurarekin, eta kale hezitzaileen afera lehenbailehen konpondu behar dela adierazi zuen. Horrez gain, Zubietako erraustegiaren protokoloaren gaia atera zuen beste behin; istripurik gertatuz gero, kontingentzia plana zein den. David Mateosek (PSE-EE) erantzun zuen galdera hori, eta esan zuen GHK partzuergoari idatzi ziotela gai horrekin; erantzuna martxo amaieran heldu zen, eta honakoa zioen: protokolo hori udal batekin partekatu aurretik, enpresa adjudikatzailearen (Ekondakin, kasu honetan) baimena behar zela. Erantzunaren zain daude. Lurrazpiko edukiontzien herri galdeketari dagokionez, Agustin Valdiviak esan zuen kontsulta egin eta 90 eguneko epearen barruan daudela oraindik irtenbidea proposatzeko, eta San Markos mankomunitatearekin lanean ari direla.

Koalizio subiranistak gai gehiago mahaigaineratu zituen. Esate baterako, ostalarientzat, merkatarientzat eta zerbitzu pertsonaletako enpresentzat Udala prestatzen ari den dirulaguntzen lerroarena, ea zergatik ez zen ekaineko udalbatzarrera eraman. Alkateak zehaztu zuenez, kontu-hartzaileak suspentsio txostena jarri dio proposamenari, eta hori konpontzen saiatzen ari dira. Azkenik, Valdiviak konpromisoa hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Trafiko zuzendariari honakoa galdetzeko: ea zergatik dabiltzan ohi baino autoeskoletako ibilgailu gehiago herrian.