CO2 neurgailuak jartzeko eskatuko du Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek, osteguneko udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 7a, 13:53

Ekaineko udalbatzarrean bilduko dira, ostegun arratsaldean, udal korporazioko kideak, eta saio horretara mozio bat aurkeztuko du ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak. Udal eraikinetan CO2 neurtzeko gailuak jartzeko eskaera egingo diote udal gobernu taldeari. 

TXINTXARRI aldizkariari helarazitako oharrean azaldu du ikerketa zientifikoen berrienek erakusten dutela aerosolak direla COVI-19ak eragindako infekzioa transmititzeko biderik indartsuenak: "Orain arte uste izan da Koronabirusa transmititzeko bide nagusia airea zela, listu jariakinen bidez. Halere, estatistikek gezurtatu egin dute uste hori, eta kalkulatzen dute kutsatzeen %85a aerosolak leku itxietan luzaroan egotearen ondorioz gerta daitezkeela".

Alderdiak badaki gaur egun ez dagoela airean COVID-19a dagoen edo ez neurtuko duen gailurik, baina "bideragarria eta ekonomikoa" ikusten du lokalen aireztapen-maila zehaztea. Horrela, kutsatutako pertsonaren bat egonez gero, kutsatzeko arriskuaren adierazle izango da ingurune edo airean dagoen CO2 kopurua.

Salaketa bat ere egin dute

Aerosolen bidez kutsatzea saihesteko beharrezkoak diren neurri gehienak ez direla hartzen ari salatu du alderdiak. Gaineratu du, inplementatzeko ardura dutenek ere ez dituztela neurriak ezagutzen: "Udalak jarrera eredugarria izan behar du bere eraikin eta zerbitzuetan, eta neurriak eta informazioa zabaltzen badira, lasarteoriatarren onerako izango da".

Hori guztia azalduta, hiru eskaera egingo dizkiote udal gobernu taldeari. Lehenengoan, udalak dituen babes-protokoloetan COVID-19a aerosol bidezko transmisioaren informazio eguneratua gehitzeko eskaera egingo diote. Bigarrenean, berriz, CO2 neurtzeko eta emaitzak erakusteko gailuak jar ditzala eraikin publikoetan eta zerbitzu publikoak ematen diren espazio itxi guztietan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu dezala 1. eta 2. akordioetan zerrendatutako neurriak ezartzea ikastetxe publiko gisa erabiltzen diren udal-eraikinetan ere eskatuko diote. 

Erlazionatuak

Ekaineko ohiko udalbatzarra, ostegun honetan

Txintxarri Aldizkaria 2021 eka 07 Politika