Udara ate joka dugu eta enbata dator! Toalla prest, krema prest eta bainujantzia laburtu zaigu. Pandemiaren aurretik gaia ez zegoen ondo, gazteen %13ak gehiegizko pisua zuen, baina orain are okerrago dago. Ia gazteen %60k pisua hartu du itxialdian, gehienek dieta osasungarriari buruzko informazioa ikastetxeetan jaso duten arren. Eta hor dago gakoa edo gure errua: osasun gomendioen oinarria dieta hitza den bitartean, partida galduta daukagu.
Irtenbide azkarra YouTube edo Instagramen dute, profesional baten aholkularitzarik gabe. Askok ez dakitena da sare sozialak (eta pantailak) direla, hein batean, beren arazoaren sorburua. Erdiek 6 ordu baino gehiago ematen ditu egunero monitorearen aurrean; eta horrek, zuzenean, loditu egiten du. Ironikoki, mugikorrak gure mugimendua mugatzen du. Ironikoki, pantailetako argi itsugarriak gure begiak zabalik mantentzen ditu, lo orduak galduz. Batak eta besteak, elikagai azkar gehiago mokokatzera garamatza. Beraz, ariketa falta, atseden falta eta elikadura txarrak, osasun falta dakarkigu.
Nola eduki dezakezu orduan, hondartzara joateko gorputz perfektua? Ba, ziurtatu gorputz bat duzula, zoaz hondartzara eta kitto. Nola lortu dezakezu sasoian egotea? Ba, pausoz pauso eta eguneroko aldaketa txikiekin hasita, izan ere, hauek dira gure osasunean iraultza sortzen dutenak. Esaterako, egun oroz azukre goilaratxo bat lagata (5 gramo), urtero 2 kilogramo jateari utziko diozu; egunero 2-3 gailetak kenduta bi azukre goilaratxo (10g) kenduko dituzu. Eta gutxinaka-gutxinaka pilatutako grasa galduko duzu. Zein izango da zure lehenengo pausoa?