Datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.711 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak osatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Eskualdeko herri gehienak, eremu horian
Beterri-Buruntzako herrietan hamar positibo baieztatu dituzte asteazkenean: lau Lasarte-Orian, hiru Urnietan, bi Hernanin eta bat Andoainen. Ez dute kasurik diagnostikatu Astigarragan eta Usurbilen. Sei udalerri horietatik bost eremu horian daude, eta Astigarraga, berdean.
EAEko hiru lurralde historikoetan 238 kutsatze erregistratu dituzte ekainaren 9an; horietatik 76, Gipuzkoan. 7.620 PCR eta antigenoen proba egin dituzte positibo berriak atzemate aldera; positibotasun-tasa %3,1 izan da. Autonomia erkidegoko intzidentzia-tasak jaisten jarraitzen du: gaur-gaurkoz, 180,89 da, asteartekoa baino ia sei puntu baxuagoa.