Datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.702 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia bederatzi (%8,9). Ia denak osatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntzan, 11 positibo
Eskualdean 11 kutsatze zenbatu dituzte ekainaren 7an: lau Urnietan, hiruna Lasarte-Orian eta Usurbilen eta bat Hernanin. Andoainen eta Astigarragan ez dute positibo berririk atzeman. Aipatutako udalerri horiek guztiek eremu horian jarraitzen dute.
EAEn, 192 kasu 100.000 biztanleko
EAEko hiru lurralde historikoetan 201 kutsatze detektatu dituzte astelehenean; horietatik 70, Gipuzkoan. 8.454 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kasu berriak atzemateko; positibotasun-tasa %2,4 izan da. EAEko intzidentzia-tasa metatua 192,25 da; Gipuzkoakoa, 194,16.
Osakidetzako ospitaleetan 127 pertsona daude ingresatuta; horietatik 84k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. Ekainaren 7an 32 paziente erietxeratu behar izan dituzte koronabirusagatik.